«Besarkadaren iruzurra geroz eta ohikoagoa da gure artean»

Jon Miranda 2015ko mar. 4a, 17:06

Adinekoek lapurretak ekiditeko jakin beharreko gomendioen inguruko hitzaldia emango du bihar 17:00etan Amasa-Villabonako udaltzain buruak, Eusebio Lizarazuk.

Subijana jubilatuen etxean eskainiko da gaurko hitzaldia.

Zeinek antolatu du gaurko hitzaldia?
Udaltzaingoak Ertzaintzarekin elkarlanean antolatu du hitzaldia. Ertzaintzak talde berezi bat du hitzaldi hauek emateko eta beraiek aurkeztuko dituzte aholkuak. Egunero gertatzen dira era honetako lapurretak eta informazio hori ematea beti da interesgarria. Gaurkoa bezalako hitzaldien helburua gerta litezkeen kasuak ekiditea da.

Non ematen dira lapurreta horiek normalean?
Banku eta kutxetan gertatzen dira horietako asko. Hileroko diru-saria ateratzera joan eta, lapurra zelatan egon ohi da bankuko sarreran. Kutxazainean ere gerta liteke: zinta bat jartzen dute dirua jasotzeko irteeran eta kajeroa ustez izorratuta dagoela uste duzunean, barruan geratzen den dirua jasotzen dute gero lapurrek.

Ba al daude lapurreta egiteko modu berriak?
Azkenaldian, elkartasun-besarkada deitu zaion iruzurra nagusitu da. Adineko pertsonari lapurra gerturatzen zaio familiako baten antza duela esanez. Laztandu eta besarkatu egiten dute adinekoa eta aitzaki horrekin diru-zorroa, bitxiak, erlojua edo baliozko beste edozer lapurtzen diote.

Eta garai bateko iruzurra egiteko moduek jarraitzen al dute?
Bai, ezagunak dira eta jendeak horien aditzera badu baino oraindik ere egiten dira estanpatxoaren edota tocomochoaren iruzurrak. Beste ohiko kasua, gasaren berrikusketarena da, aitzaki hori baliatzen dute lapurrek gure etxeetara sartzeko. Ziur ez bagaude ez genioke inorri pasatzen utzi behar.

Jokamoldea aldatu dute era honetako iruzurrak egin dituztenak?
Bai, modu berriak asmatu dituzte. Horregatik, guk ere lapurrak harrapatzeko bideak moldatu behar izan ditugu. Ertzaintzaren laguntzarekin identifikatu eta atxilotu izan ditugu lapurrak. Villabonan lapurreta egin eta gero Donostian atzeman izan zaie, adibidez. Modu honetara ibiltzen direnak asko mugitzen dira batetik bestera eta normalean, binaka aritzen dira.

Hemen Villabonako udaltzaingoan salaketa asko jasotzen al dituzue?
Ez, ez dira asko izaten. Urtean bizpahiru, asko jota.

Gaurko hitzaldian gomendioak emango dira.
Betiko aholkuak emango dira: diru-kopuru handirik ez ateratzea banku edo kutxatik, dirua atera ondoren seguru gordetzea edota ez nabarmen agerian ibiltzea balio handiko edo deigarriak diren bitxiak. Nik, hala ere, esango nuke ez garela itxuraz fidatu behar. Askotan, ondo jantzita edo itxura dotorearekin datorkigunari errazago ematen diogu konfidantza eta ez dakigu inoiz lapurra zein izan litekeen.

Krisiaren eraginez lapurreta klase hauek gora egin al dute?
Ez bereziki. Nik bost urte daramatzat Villabonako udaltzaingoan lanean eta bere horretan mantendu dira urteotan. Ez nuke esango krisiaren eraginez lapurreta klase hau gehitu denik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!