Estalkia egiteko proiektuak aurkezteko azken egunak

Jon Miranda 2015eko martxoaren 3a

Bihar arte aurkeztu ahal izango dira Malkar plaza, Larreako haur parkea eta Arroako plazan estalkiak jartzeko proiektuak. Ikusmira sortu du egitasmoak.

Herriko gune bat estaltzeko erabakia hartu du Amasa-Villabonako Udalak. Horretarako parte hartze prozesu bat jarri du martxan eta lehen fasean erabakitako hiru guneak estaltzeko proiektuak aurkeztuko dituzte arkitekto taldeek. Malkar plaza, Larreako haur parkea eta Arroako plaza dira aukeratutakoak. Bihar bukatuko da egitasmoak aurkezteko epea.

Nora Urbizu, Amasa-Villabonako alkateordearen esanetan, «ikusmin handia sortu du proiektuak, era honetako lehiaketak toki gutxitan egiten baitira». Zerikusia izango du horretan banatuko dituzten sariek: «gune bakoitzean irabaziko duen proiektuak 3.000 euro jasoko ditu, bigarrenak 1.500 euro eta 500 euro hirugarrenak».

Epaimahai teknikoaren onespena lortzen duten egitasmoekin Udalak parte hartze prozesua zabalduko du. Datozen asteetan lanak publiko egin eta herritarren ekarpenak jasoko dituzte.

Apirilean herritarrek gustuko proiektuaren alde egin ahal izango dute. «Bozketa lehen hiru egunetan modu digitalean egin ahal izango da eta ondorengo bi egunetan modu presentzialean». Herriko txikienek ere parte hartu ahal izango dute bozketan eta sariak ere izango dira parte hartzaileentzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!