Presoen sakabanaketarekin amaitzeko unea dela esan dute

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko ots. 25a, 15:32

Atzo iluntzean aurkeztu zuten Amasa-Villabonako Sare, Aljibean

Amasa-Villabonako Sare aurkeztu dute. Taldeak bi ekimenekin hasiko du ibilbidea; Sarekide egiteko kanpaina eta euskal presoen sakabanaketak sortzen duen sufrimendua jorratzen duen liburuxka

Amasa-Villabonako Sare aurkeztu dute «hainbat sentsibilitateko eta esangura berezia duten» herrikideez inguratuta. Herri ekimen honen Ander Etxeberria kideak azaldu zuenez, euren helburuetako bat «euskal presoen eskubide urraketa salatzeko eremu, ideologia eta sentsibilitate asko biltzea da». Izan ere, Sareren nahia presoen sakabanaketarekin amaitzea da.

Helburu hori lortzeko Amasa-Villabonako Sarek hainbat ekimen jarriko ditu abian, baina bi martxan dituzte jada: «Sakabanaketak euskal herritar askorengan eragiten duen sufrimenduaren berri mundu guztian zehar zabaltzeko liburuxka baten banaketa, eta Sarekideak lortzeko kanpaina».

Jaberik gabeko liburuxka
Etxeberriak azaldu zuenez, Sarek  Dispertsioaren Liburuxka argitaratu du. 500.000 ale kaleratu dituzte, eta helburua liburuxka eskuz esku pasa eta munduan zehar zabaltzea da. «Liburuxka lau hizkuntzatan idatzita dago, euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa, eta bertan euskal kulturaren lau pertsonaia esanguratsuren testigantzak daude: Castillo Suarez Garcia idazle eta euskal filologian lizentziadun nafarra; Iñaki Lasagabaster Errarte administrazio zuzenbideko katredraduna; Jule Goikoetxea Mentxaka politologoa eta EHUko irakaslea; eta Igor Elortza Arana bertsolaria». Liburuxkak sakabanaketak eragiten duen sufrimendua jasotzen du, eta honen zabalkunderako gizartearen laguntza behar dutela esan zuen Etxeberriak. «Jendeari ekimenean laguntzeko eskatu behar diogu,nahia liburu hau ahalik eta jende gehiagorengana iristea baita. Bakoitzaren konpromisoa behar du izan liburua irakurri eta beste norbaiti pasatzea, berak ere gauza bera egiteko», esan zuen.

Liburuxka mundu osoan zehar banatu ahal izateko ezinbestekoa da jendearen konpromisoa, eta ekimen honek hainbat fase izango ditu. «Fase horien lehen pausoa apirilaren 19an amaituko da. Bertan Euskal Herria mailan zenbait ekitaldi egongo dira eta Villabonan ere egingo dugu zerbait», aurreratu zuen Etxeberriak.

Liburuxka honen lehen eta azken orrietan, izen-abizenak eta testigantzak emateko aukera dago, «helburua baita liburua hartu dutenek beraien izen-abizenak eman eta liburua irakurtzerakoan sortutako gogoeta eta hausnarketak labur-labur idaztea», gaineratu zuen Amasa-Villabonako Sareko kideak. Era berean, liburuxka eskuz esku pasatzerakoan Sareko kideei bereziki interesgarria iruditzen zaie «lana sakabanaketa bere larrutan sufritu ez duen eta honen inguruko ideia handirik ez duen jendearengana iritsaraztea».

Sarekide kanpaina
Bestalde, sakabanaketaren aurkako mezua zabaldu asmoz, beste aukera bat da Sarekide egitea dela gogoratu zuen Etxeberriak. Horretarako izen-emate orri batzuk prestatu dituzte, Euskal Herria mailan ere eskuratu daitezkeen orriak dira, baina Villabonan badute berezitasunik. «Datuak eman behar dira eta bost euro ordaintzea eskatzen da, baina Villabonan bortitza iruditu zaigu eskaera egitea, eta diru hori gure kasa biltzeko asmoa dugu ekitaldi desberdinen bidez. Eskaera borondatezkoa izango da gure kasuan». Ordainetan, ordea, eskaera bat egin diete Sarekide egiteko asmoa dutenei: beste Sarekide bat lortzeko konpromisoa hartu dezatela.

Giza eskubideen alde
Amasa-Villabonako Sareren aurkezpenean Iñaki Lizasok ere hartu zuen hitza, eta Sareren abiapuntua ekarri zuen gogora. Lizasok azaldu zuenez, «iazko martxoaren 15ean eremu ezberdinetako hainbat herritar gutxieneko puntu batzuk adostu eta Donostiako San Telmo museoan giza eskubideen aldekoa adierazpen bat adostu zuten». Adierazpen hartan esaten zen «presoak preso direla epaituak izan direlako, epaituak gabe espetxean aurkitzen direlako edo zigor bat betetzen ari direlako» eta «beste bideak bazterrean utzita, legediak ematen dituen aukerak modu pertsonalean erabiltzea onartu» dutela.

Era berean, Sarek euskal preso eta iheslarien eskubideak errespetatuak izan behar dutela uste du, «beraien ingurune sozial-afektibotik gertuen dagoen espetxean zigorra betez, gaixotasun larriak dituztenen kaleratzeari bide emanez eta bizi osorako espetxe zigorra ahalbidetzen duten neurriak indargabetuz».
Horretarako giza eskubide hauek urratzen dituzten legeak aldatu behar direla ere dio herri ekimenak. Gutxieneko neurri horien inguruan, sare herritar bat osatzeko beharraz jabetuta, sare herritarra martxan jarri zela ere gogoratu zuen Lizasok. «Testuinguru honetan Amasa eta Villabonan ere herritar talde bat bildu gara mugimendu berri hau herrian islatzeko asmoarekin, izan ere, euskal presoen eskubideak urratuak izan ez daitezen herritar bakoitzak egin dezaken ekarpena ezinbestekoa dela iruditzen zaigu», gaineratu zuen.

Amasa-Villabonako herritar oro Sarekide egin eta sakabanaketaren aurkako mezua zabaltzen laguntzera gonbidatu zituzten.

 

Hileko azken ostirala izango da etzi

Hileko azken ostirala izango da honakoa, eta hori dela eta elkarretaratzeak egingo dira herriz herri.
Harituz Bertsozale Elkarteko Imanol Irazustabarrenak bertsoa egin du hitzordu honen harira.
 
Hileko azken ostiraletako
kontzentrazioari:

Iritsi zaigu hileko azken
ostirala eta klaro
herri askotan presoen aldeko
kontzentrazioa dago.
Han izango gaitu gu
lortu behar baitugu,
ni behintzat horretan nago,
ostiral hauek ere_izatea
beste_ostiral bat gehiago

Doinua: Iparragirre abila dela

Elkarretaratzeak

  • Aduna. 20:00
  • Alegia. 19:30
  • Altzo. 20:00
  • Amasa-Villabona. 20:00
  • Amezketa. 19:30
  • Anoeta. 19:30
  • Asteasu. 19:00
  • Berrobi. 19:30
  • Berastegi. 19:30
  • Ibarra. 19:30
  • Ikaztegieta. 20:00
  • Irura. 19:30
  • Gaztelu. 19:30
  • Lizartza. 20:00
  • Tolosa. 19:30
  • Txarama. 20:15
  • Zizurkil. 20:00

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!