Billete faltsuak zeramatzan gizon bat atzeman dute

Ataria 2015eko urtarrilaren 26a

20 euroko billete faltsutan 8.800 euro zeramatzan 33 urteko gizonezko bat atxilotu du Ertzaintzak gauerdian, N-1 errepidean, Amasa-Villabona parean.

Zaintza lanetan zebilen ertzainen patruila bati abiadura handiz pasa dio Nissan Primera auto batek, Amasa-Villabona parean, Irunerako noranzkoan, eta hura gelditu dute.

Identifikazio lanak egiten ari zirela, autoaren barruan plastifikatutako bi billete sorta topatu dituzte, guztira 439, denak 20 eurokoak eta faltsuak. Serieko zenbaki bera zuten guztiek, eta benetakoen itxura zuten. Autoaren gidaria, 33 urtekoa, atxilotu dute diru faltsutzea egotzita.

Lehen hipotesien arabera, aurkitutako billeteak Gipuzkoako komertzio txikietan erabiltzen hasteko prestatuak zituzten. Ertzaintzak azaldu duenez, billete faltsuak detektatzeko makinak ez dituzten establezimendu txikietara jotzen dute, saltzaileak endredatu ondoren merkatuan jartzeko. 

Halaber, Ertzaintzak gogorarazi du gisa honetako engainuak jasan dituen pertsonak segituan eman behar duela horren berri eta poliziari billeteak itzuli, berriro merkaturatzen saiatzeak, inputatzeko arriskua baitakar. Bestalde, billete faltsuak detektatzen jakiteko gida bat dago www.ertzaintza.net webgunean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!