«Polita izango zen Gipuzkoako Txapelketa behin behintzat irabaztea»

Asier Imaz 2015ko urt. 25a, 10:45

Urtarrilean hasi eta apirila bitarte taldekako Gipuzkoako Txapelketa jokatzen ariko da Villabona Xake Joku Elkartea. Hiru mailatan banaturik dituzte taldeak billabonatarrek. Unai Iraola eta Jose Luis Guijarrok ATARIA-rekin hitz egin dute.

Urte zaharrari amaiera emateko eta berria indartsu hasteko, Villabona Xake Joku Elkartean txapelketa azkarra jokatzen dute. Arratsaldeko partiden puntuak gehitu, eta sari banaketa egin ondoren, guztiak afaltzera joateko ohitura dute. Txapelketako partaideak elkarteko kideak dira, eta horien artean dago Gipuzkoako txapelduna: Jose Luis Guijarro. Txapeldunari, ordea, taldean bertan atera zaio aurkaria. Txapeldunari irabazi dion txapelduna Unai Iraola da.

Hamasei lagun elkartu zarete txapelketan. Elkartean zenbat kide zarete?
Unai Iraola: Guztira 25 bat kide izango gara. Batzuk lanagatik, eta besteak kanpoan daudelako, ezin izan dute elkarteko txapelketara etorri.

Txapeldunari irabazi diozu. Adarra jotzeko aukera paregabea duzu orain.
U.I.: Beti ibiltzen gara oso parean. Gehienetan berak irabazten du, baina aurten niri tokatu zait.
2014ko Gipuzkoako txapelduna, eta bi modalitatetan gainera.
Jose Luis Guijarro: Horrela da. Lehenengo txapela erritmo geldoan irabazi nuen, eta bigarrena partida azkarretan.

Zein da zuretzat bi txapela horien esanahia?
J.L.G.: Urte ona izan dudala. Zorte pixka bat ere izan behar da irabazteko, eta aurkariren baten hutsunea ere gehitu behar zaio guztiari.

Zer esan nahi duzu horrekin?
J.L.G.: Batzuk ez dira aurten aurkeztu txapelketara, eta ezin izan dute jokatu. Ondorioz…

Toledotik etorri zinen Euskal Herrira, Zubietara. Ondoren bihurtu zinen billabonatarren fitxaketa.
J.L.G.: Donostian jokatu nuen lehen aldian, Ernesto Villabonako elkarteko kideak ikusi eta fitxatu ninduen. Niri ongi iruditu zitzaidan, eta ia bost urte daramazkit eurekin.

Zer aurkitu duzu Villabonako Xake Joku Elkartean?
J.L.G.: Jende oso jatorra eta ona: lagunen lagun onak. Eurekin xakean ibili ondoren, ezin dut besterik esan.

Eta billabonatarrok, zer aurkitu duzue txapeldun honengan?
U.I.: Lagun on eta handi bat aurkitu dugu. Talde motibatzaile bikaina da, eta guztiok maila bat gora egin dugu berari esker, bera gorago dagoelako. Beste guztiok hor gabiltza berari jarraitu nahian.

Villabonako taldeak ere Gipuzkoako Txapelketan parte hartzen du talde bezala.
U.I.: Hori da. Une honetan, Gipuzkoako txapelketan, bi mailatan, hiru talde ditugu. Bat ohorezko mailan eta bi bigarrengoan.

Zein da txapelketaren egutegia?
J.L.G.: Urtarrilean hasi eta apirila bitarte luzatzen da.

Eta zuen taldeak nola ikusten dituzue?
J.L.G.: Beheran dauden taldeen helburua gora igotzea izango da, eta lehen mailakoarena, beste urtebetez mantentzea.

Irabazteko konturik ez duzu aipatu goikoetan.
J.L.G.: Aukera baldin badago noski baietz. Polita izango zen taldeka Gipuzkoako Txapelketa behin behintzat irabaztea. Baina pixka bat zaila dela uste dut.

Txapelduna eta txapeldunari irabazten diona taldean izanda…
J.L.G.: Bigarren gelditu izan gara. Urte horiek oso onak izan dira. Baina orohar txapelketan maila oso altua dago, eta ez da erraza izango.

Maila altuko talde horiek zeintzuk dira?
U.I.: Gaur egun, Eibar, Zarautz, Hondarribia, Gros… daude puntaren puntan. Lehiakortasun handia dago, eta egia esan, talde txarrik ez dago.

Nola antolatuta dago Taldekako Gipuzkoako Txapelketa?
U.I.: Liga moduan. Hamaika jardunaldi izaten dira. Talde bakoitzak lau jokalari eramaten ditu. Lehenik joaneko partida izaten da, eta ondoren, itzulerakoa. Jardunaldi bakoitzak taldearentzat lau partida izaten ditu, norbanakoak. Garaipen eta porrot guztiak gehitzen joaten dira.

Partida guzti-guztiak batzen dira amaieran?
J.L.G.: Liga bat da, eta dena batzen da. Jardunaldi guztien amaieran, lehen postuan gelditu dena Euskal Ligara igotzen da. Bi azkenak, aldiz, maila galtzen dute.

Villabonako taldea osatzeko, nola egiten duzue zuen arteko aukeraketa?
U.I.: Normalean, lehen taldean jokatzeko lau edo bost jokalari egoten gara. Beraz, ez da aukeraketa handirik egin behar izaten. Hamaika larunbat jarraian jokatzea ez da erraza, konpromisoak izaten baitira. Hala eta guztiz ere, hutsik ez egiten saiatzen gara. Gustuko afizioa da, bestela ez ginen horrenbeste mugituko.

Zer ematen dizue xakeak?
U.I.: Lehenengo eta behin, taldea dago, lagunekin jokatzea. Ondoren, lehia gogorra egoten da, eta horrek ere motibatzen zaitu, goran gelditu nahi izaten baituzu.
J.L.G.: Nik hasiera batean hobby bezala nuen. Gero ongi moldatzen nintzela ikusi nuen, eta egia esan, gero eta gehiago jokatu, orduan eta gehiago gozatzen dut. Gozatzen ez dudan eguna iristen denean, argi dut xakea utziko dudala.

Sufritu ere egiten da, ezta?
J.L.G.: Bai, batez ere galtzen duzunean. Finean, bizitzaren parte bat gehiago da. Porrotetatik ere ikasi egiten da. Jolas bat da, kirol bat.

Toledon jokatzen al zenuen?
J.L.G.: Bai. Txikia nintzela ikasi nuen. Han ez zegoen hemen bezalako antolakuntzarik. Hona etorri nintzenean, informatzen hasi nintzen, eta dena hobekiago prestaturik zegoela ikusi nuen. Horrek asko animatu ninduen, eta jokatzeari ekin nion. Hemen maila hobetu dudala esan dezaket.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!