Eneko Galarraga eta Julen Zelarain euskal presoak, kalera

Rebeka Calvo Gonzalez 2015eko urtarrilaren 20a

Galarraga atxilotzean euro agindua bertan behera geratzeko eskatu zuten.

Bihar aterako da Eneko Galarraga eta ostiralean Julen Zelarain

Hamabi urtez Villabonatik kanpo egon eta gero bihar itzuliko da herrira Eneko Galarraga euskal presoa. Galarragak azken 7 urteak espetxean eman ditu, eta bihar bertan utziko dute aske Ocañako (Toledo, Espainia) espetxetik. Ez da aske geratuko den Villabonako euskal preso bakarra, izan ere ostiralean Julen Zelarain utziko dute aske. Zelarain Valdemoroko (Madril, Espainia) espetxetik Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren aurkako operazioan kasik 10 urteko espetxe zigorra bi txandatan bete ondoren aterako da. Herritarrek ongietorria egingo diete bi billabonatarrei.

Eneko Galarraga 2008ko urtarrilean atxilotu zuen Frantziako Poliziak Urruñan (Lapurdi). Han bizi zen neska-lagunarekin. Handik lau egunera aske utzi zuten baldintzapean eta  Auzitegi Nazionalak igorritako euro aginduaren emaitzaren zain. Azkenean onartu eta martxoan Espainiaratu zuen Frantziako Poliziak.

Julen Zelarain 2008an epaitu zuen Auzitegi Nazionalak AAMaren aurkako operazioaren barruan. Epaiketa horretan fiskalak hamarna urteko espetxe zigorra eskatu zuen akusatuentzat. Orain sei hilabete berriz ere deklaratu behar izan zuen beste 9 euskal herritarrekin batera. Prozesamendu berri bat ireki nahi izan zioten zigorra betetzeko sei hilabete besterik falta ez zitzaizkiola.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!