«Gaiak, bertsoak bezalaxe, egun eta leku hartantxe jaio eta hiltzen dira»

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko urt. 18a, 10:00

Bertsoak osatzen eta osatzeko gaiak ematen aritzen da Amaia Agirre billabonatarra, txanponaren bi aldeei aurpegia jarriz; maite du alanbre gainean ibiltzea.

Eskualdeko bertsozaleen agendan galdu ezinezko hitzordu bilakatu da Leidorreko saioa. Amaia Agirre (Villabona, 1977) da, besteak beste, arrakastaren errudunetako bat, bere ideiekin atontzen baitu bertsolarien bat-baterako dohaina. Datorren urtarrilaren 24an ere oholtza gainean izango da, aldi berean bertsolari eta gai-jartzaile izateak eskaintzen dizkion trikimailuak baliatuz.

Urteak dira, jada, urtarrileko bertso saioa lehenengoz ospatu zenetik. Zenbat zehazki?
Bosgarren saioa izango da aurtengoa.

Hainbeste saio arrakastatsuren ondoren, tradizio moduko bat bilakatu da jada, Leidorrekoa.
Bai. 2008. urtean antolatu zuten Txolarre irratiaren aldeko lehenengo bertso saioa, Zizurkilen, eta, ondoren, Alegian eta Tolosan ere saio bana izan zen. Bertso saio eta bertso afari musikatuekin abiarazitako egitasmoak Leidorrerako jauzia eman zuen. Apustu hura eginda erronka handia zela kontuan hartuta, eta ondo atera zela ikusita, antolatzaileek hitzorduarekin jarraitzea erabaki zuten. Eta, gaur egun, bertsozale asko urtarrileko data hori iristeko zain egoten dira.

Eskualde bertsozalea al da Tolosaldea, txapelketetatik kanpo ere?
Tolosaldean saio asko antolatzen dira, bereziki herriko jaietan, baina baita bestelako aitzakiak tarteko ere. Era berean, ordea, badira herriko jaietan bertso saioari eutsi ezin izan dioten herri txikiak ere. Gaur egun, bertso saioa antolatzea ez da lehen bezain erraza; orain, kontratazio kontuek eta fakturen beharrak estutu eta zaildu egin dute antolakuntza. Alor guztietara bezalaxe, bertsolaritzara ere iritsi da hori eta, zoritxarrez, formato eta dimentsio handiko zenbait saio bertan behera geratu dira. Hala ere, Tolosaldean urtean zehar saio asko antolatzen dira, izan oholtza gainekoak, izan mahaiaren bueltakoak.

Leidor, ordea, beste kontu bat da.
Leidor oso leku egokia da bertsotarako, baina, noski, betetzen baldin bada. Gertatu izan zaigu berrehun entzule elkartzea, eta hutsik dagoela iruditzea. Berrehun lagun ez da kopuru txikia, baina, Leidor bezalako antzoki baterako, gutxi dira. Urtarrileko saioa jendeak erreferentzia moduan hartu du eta, bide batez, eskualdeko komunikabideei bultzadatxoa emateko aukera eskaintzen du saioak. Beraz, bi helburu gauzatzeko bidea eskaintzen du.

Bertsoaren 'tenplua' ere Villabonan dago, eskualdean. Zer eman dio bertsolaritzari Mintzola fundazioak eta, oro har, Bertsozale Elkartearen proiektu osoak?
Mintzola euskararen ahozkotasunaren ikerleku da; bertsogintzaren erreferente eta jarraitzaile. Bat-bateko jarduna oinarri duen jardun horretan, egiazki, ez da ezer inprobisatzen, eta oso egitura jakina eta landua dago bertsoaren eta ahozkotasunaren atzean. Arlo eta sail asko dituen erakundea da Bertsozale Elkartea, eta, besteak beste, komunikazioa, sustapena, transmisioa eta hedapena ditu oinarri. Gauzak horrela, proiektu garatua da, eta oso ondo antolatutakoa dela ere esango nuke.

Badirudi bertso-plazak ere kolore morea hartzen ari direla pixkana. Zu zeu aspaldi hasi zinen kantuan, nola bizi izan duzu gizonezkoen mundu horretan bidea irekitzea?
Nik baino lehenago urratu zuten bidea, eta ni baino lehenago hasi zirenek zabaldu zituzten bidezidorrak. Lokaztuagoak eta estuagoak ziren orduko bideak, baina nik inongo arazo, konplexu eta mailaketarik gabe bizi izan dut. Jakina da oraindik ere gizonezkoen kopurua handiagoa dela eta, emakumeen artean ere, maila gorena bakarrak duela, oraindik ere; baina, pixkana ari gara bidea egiten, eta ziur naiz datorren belaunaldiak zer esana emango duela.

Tolosaldeko bertsozaletasuna belaunaldi berrietan ere islatzen al da, irakasle lanetan aritzen zaren horretan?
Tolosan, Harituz bertsozaleen bilgune eta taldeari esker antzematen da talde berrien presentzia, eta gazteak bertsotan lekua egin nahian ari dira. Gainerakoan, Tolosaldeko ia herri guztietan daude bertso eskolak, eta horiek dira gerokoaren kabi. Erakusleiho handiaren aurretik, horiek dira, hain zuzen, ezinbesteko lan-esparruak: bertso eskolak. Egia da, askotan, ez dela plazaratzen bertso eskoletan egiten den lana, baina, plazan dabiltzan bertsolariak, bertso eskoletako fruituak dira.

Urtarrilaren 24ko bertso saioan, beste behin, gai-jartzaile lanetan ariko zara. Nola ekin zenion gaiak jartzeari?
Hasiera batean Villabona inguruko bertso saioetan hasi nintzen, mesede moduan, eta formato txikiko saioetan. Gero, ordea, pare bat saio ondo atera ondoren, saio handiagoetarako gonbita egin zidaten eta, nik, bitan pentsatu gabe, baiezkoa eman nuen; gaur arte, horrela. Iaz saio dezentetan aritu nintzen gaiak aurkezten, eta gustura aritzen naiz langintza horretan.

Berez bertsolaria izanda, errazagoa ala zailagoa da gaiak jartzea?
Bertsotara joatea edo gaiak jartzera joatea oso-oso desberdina da, ez du zerikusirik. Gai-emaile moduan lanak aurretik egin behar dira eta, bertsolari lana, berriz, momentuko eginbeharra da. Noski, bertsolari izatea urtetako lanaren emaitza da, baina gure jardunak leku horretan eta une horretan soilik balio du. Egia esan, nik, oholtza gainean, bertsotan ari naizenean baino gutxiago sufritzen dut gai-emaile moduan, baina ondo egindako lanaren gozamena ere desberdina izaten da kantuan edo hizketan ari zarenean ere.

Gai bat idazterakoan, bertsolari bakoitzak, gutxi-gorabehera, zer erantzun lezakeen imajinatuko duzu. Asmatzen al duzu?
Bertsolaria naizen aldetik, gai bakoitzak zukurik ateratzeko mamirik ba ote duen pentsatzen saiatzen naiz; egia esan, gaiak jartzea dirudiena baino askoz ere zailagoa da. Askotan, ideia bat gai bihurtzea abenturatxoa izaten da, bertsotan bezalaxe; ideia bat bukaera egoki bihurtzea ez da erraza izaten, eta gai bihurtzea ere ez. Ideia on guztiak ez dira gai on eta, alderantziz, gai on guztiak ez dira sekulako ideak. Formulazioan dago, nire ustez gakoa, bai bertsotan eta baita gaietan ere: zer nola aurkezten den, zer nola biribiltzen den, hori da sekretua.

Sekretu hori izanda ere, unearen arabera joaten dira gauzak, ezta?
Askotan gertatzen da, bertsotan bezala, jendearengana ez iristea; edo leku horretarako eta entzule horientzat egokia ez izatea; edo bertsolariek gaia espero ez zenuen lekutik hartu izana; edo umoretik egitea nahi eta seriotik egin izana... Baina horiek guztiak bat-bateko jardunaren arriskuak dira, eta gai jartzaileak inprobisatzeko gaitasuna ere izan behar du, baita lekuaren eta momentuaren irakurketa egiteko ahalmena ere. Gai-emaileak etxeko lanak aurkeztea baino lan gehiago egin behar izaten du askotan, eta hori ez da erraza izaten. Izan ere, prestatuta duzun egiturari aldaketak egiten hasteak bere arriskuak ditu, eta azti ibili beharra izaten da askotan.

Gogoan duzu bereziki lantzea kosta izan zaizun gairik? Eta, aldiz, egindako lanarekin bereziki gustura geratu izan zaren aldirik
Askotan gertatu izan zait, behin baino gehiagotan joan naizen herriko saioa prestatzen hasita, aurreko urteko gaiak oso txarrak iruditzea. Askotan pentsatu izan dut: iaz gai hauek jarri eta saio ona atera al zen? Horregatik esaten dut, gaiak, bertsoak bezalaxe, egun eta leku hartantxe jaio eta hiltzen direla, nahiz eta gai askok iraungitze datarik ez duten. Han balio bazuten ondo. Gai zelebre batetik sekulako bertsoaldiak atera izan dira eta, alderantziz, ustez oso gai ona eta eraginkorra izango zela pentsatuta, saio apalak ere atera dira. Leidorren egindako saio batean, adibidez, Amets itsu baten larruan jarri nahi izan nuen, argi guztiak itzalita. Ideia egokia iruditu zitzaidan, baina, uste dut bertsolaria ez zela eroso sentitu; hori ere kontuan hartu beharrekoa da. Beti ez da asmatzen, eta hanka sartzeetatik ikasten joatea komeni da.

Ideiak bertso-neurrien mugetan sartzen hainbeste urtez jardunda, bizitzari neurria hartzeko ere balioko du bertsolaritzak, ezta?
Bizitzari? Bizitzan hankamotz eta hankaluze asko egin izan ditut, eta hanka sartzeko lizentzia ere eman behar dio norberak bere buruari. Eta, bat-batean, alanbre gainean ari garenean, gehiago. Uste dut bizitzari baino, nire gogoei eta bizitzeko erritmoari ari naizela neurria hartzen.

Leidorreko saioa, besteak beste, gaiek egiten dute berezi, dinamikoak, berritzaileak eta entretenigarriak direlako. Nola lantzen du hori norberak?
Nik beti saioak ordenagailuaren aurrean prestatzen ditut; orri zuriaren aurrean jarri eta inspirazioaren zain geratzen naiz. Ordenagailuaren aurrean ezer ez badator, berriz, oinez ibiltzera joaten naiz edo, bestela, albisteak edo gertakizun bitxiak irakurtzeari ekiten diot. Askotan kapritxo batetik abiatzen naiz gai bat jartzen eta, beste batzuetan, gertatu den zerbaiti tiraka. Inoiz edo behin, berriz, bertsolariari berari jarri nahi niokeen gai bat izaten da oinarri...

Gehiegi kontatu gabe, datorren asteko saioan gozatu ahal izango denaren aurrerapen txiki bat egiterik bai?
Ba gustura emango nizuke pistaren bat, baina oraindik buruan ditudanak ideiak baino ez dira. Azken bi urteotan espektakulutik gertuago ibili ote garen irudipena dut eta, agian, aurtengoa soilagoa izango da, kanpoko osagai gutxiagokoa. Ez dakit, hala ere. Bertsotan bezala, gaiak jartzen ere, denboraren kontra ibiltzen naiz [BARREAK].

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!