700 ikusle baino gehiago

Asier Imaz 2015ko urt. 5a, 20:50

Sein-Aranguren, Egiguren-Aizpuru (audioa) eta Arteaga-Gorrotxategi dira Antton Pebeten Oroimenezko III. Txapelketaren irabazleak. Esku pilotan eskualdean jokatzen den binakako txapelketarik handienetakoa da Villabonakoa. 

Txapelketa bat handi faktore desberdinek egiten dute. Adibidez, antolakuntzak, pilotarien mailak, eta ikusleek. Pebeten oroimenezkoan zoriontzeko lana egin dute antolatzaileek, Iñaki Lizaso buru dutela. Puntako pilotariak lortu dituzte, eta ikusleek erantzun egin dute. Finalean, larunbatean, 700 baino gehiago. Bear Zana pilotalekua txiki gelditu zen; jendeak frontoitik kanpo ikusi behar izan zituen partidak, zutik eta hotzari aurre egiten. Giroa goxatzeko, antolatzaileek 450 pintxo banatu zituzten ikusleen artean.


Kadeteen arteko finalak eman zion hasiera txapelketaren azken jardunaldiari. Sein-Aranguren 0-6 aurreratu ziren Expositoren eta Aizpitarteren aurka. Tantorik eta hutsik egin gabe lortu zuten hori. Exposito jokoan sartu ezinik ibili zen partida osoan zehar. Aizpitartek ez zuen bere egunik onena izan; altzotarrak ezkerra ederki astintzen duela erakutsi zuen finalean, baina kale gehiegi egin zituen. Lauretan onena, beraz, Aranguren izan zen. Aginagako atzelariak bikotearen pisua hartu, eta pilotarik galdu gabe, tantoz tanto, 22ra iristea lortu zuen.


Bigarren partida, jubenilena, aurrekoaren bidetik hasi zen. Zubizarreta-Belokik kale gehiegi egin zituzten, eta irabazleak 14-0 aurreratu ziren. Egigurenek eta Aizpuruk partida serioa jokatu zuten, eta txapela irabazteko, nahikoa izan zen.


Nagusien mailan, segurtasun gehien Gorrotxategik erakutsi zuen. Hernaniarrak finalak nola jokatzen diren erakutsi zuen: kalerik egin gabe. Izan ere, hiru partidatan gakoa hori izan zen: hutsak. Santxo-Kastillok ezin izan zuten ezer egin. Aurrelari galtzailea gainditurik sentitu zen partida osoan zehar, eta Kastillo, lanez gainezka.

FINALEKO EMAITZAK
Kadeteak
Exposito-Aizpitarte          15
Sein-Aranguren              22

Jubenilak
Zubizarreta-Beloki           9
Egiguren-Aizpuru           22

Nagusiak
Arteaga-Gorrotxategi     22
Santxo-Kastillo              15

 

ADIERAZPENAK

Egiguren
«Kanpotik agian erraza emango zuen baina ez da horrela izan. Hasieratik serio jokatzera atera gara; horrela genuen hitz eginda. Gero, bestela, zaila da markagailuari buelta ematea. Tantoak gure aldera erortzen hasi dira, eta oso gustura».


«Zubizarretaren aurka jokatzeak ez dit presiorik sortu. Ona dela badakigu, baina ni gustura jokatzera etortzen naiz. Nire lana egiten saiatu naiz, presio handirik gabe».


«Txapelarekin ere oso gustura gaude. Egia esan, ez genuen espero txapelketa irabaztea, baina... pozik».


«Tokatu zitekeen atzelari onena egokitu zait oroimenezko honetan, eta benetan esaten dut hori».


Aizpuru
«Ez dugu akatsik egin hasieran, eta beraiek, berez egiten dituztenak baina gehiago. Horregatik lortu dugu 14 eta hutseko partziala».


«Hasieratik garbi genuen partida atzean zegoela. Aurrean jokatzekotan, abiadurarekin egin behar
genuen. Baina esan bezala, gehienbat pilota atzean jartzen saiatu gara».


«Txapelak etxera etortzen direnean, beti geratzen zara oso gustura. Bat gehiago, eta jarraitu dezala horrela».


«Egigurenekin ondo moldatu naiz txapelketa guztian zehar, eta finalean ere oso ondo jokatu du. Finaleko pilotaririk onenaren saria irabazi du gainera, eta nire ustez, merezimendu guztiz».

 

HARMAILETATIK:

Iñaki Lizaso
Beste behin ere, omenaldi beroa jaso duzu Antton; merezia! Aurtengoa ere ez da makala izan, ez horixe! Guztia zuretzat! Abenduaren 6an hasi zen txapelketa eta finala bitarte Euskal Herriko punta guztietatik zein Errioxatik etorritako 54 pilotarik parte hartu dute bertan. Badira batzuk!


Memoriala prestatzeko lanak ordea, lehenagokoak dira; babesleak lortu, pilotariak lotu eta abar luze bat. Batetik, eskerrak eman nahiko nizkieke txapelketa aurrera eraman ahal izateko lagundu diguten Villabonako eta inguruko herrietako enpresa txiki eta ertain guztiei, eta baita Amasa-Villabonako Udalari ere. Eta noski, jaialdiz jaialdi, pilotalekua betetzera etorri diren ikusle fin horiei, gure kirola den pilotaz gozatzera etorri diren horiei guztiei. Finalak jadanik jokatu dira, pilotalekua guztiz beteta, giro bikainean, jendea pilota gosez; ezin da gehiago eskatu.


Zorionak aurtengo txapeldunei, Sein eta Aranguren, Egiguren eta Aizpuru eta Arteaga eta Gorrotxategiri! Merezitako txapeldunak!


Denetik izan da aurtengo txapelketan: partida oso onak, eskasagoak ere bai, berdinduak eta ez hain berdinduak. Baina guztiak gogoangarriak.  Maila izugarrizko pilotariak izan dira bertan, eta guzti horrek, gure herrian zein bailaran, pilota sustatzeko eta mantentzeko indarra ezartzen du. Herrian pilota partida bikainez gozatu ahal izan da. Zortzi jaialdiz osatutako txapelketa izan da aurtengoa; bost asteburuz pilotaz gozatu ahal izan da Bear Zana pilotalekuan. Eta indarrez gauden bitartean, Anttonek jasoko du bere oroimenezko txapelketa. Mila esker denei eta pilotalekuan ikusiko gara.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!