Pilotaren festa errepikatu nahi dute

Imanol Garcia Landa 2014ko abe. 31a, 09:00

III. Antton Pebet Memorialaren finalak jokatuko dituzte larunbatean Villabonako Bearzana pilotalekuan; 17:00etan hasiko dira partidak.

Iritsi da III. Antton Pebet Memorialaren txapeldunak jakiteko unea. Larunbatean, 17:00etan hasiko dira finalak Villabonako Bearzana frontoian. «Aurrekoetan bezala, festa bat izatea nahi dugu», azaldu du Iñaki Lizaso Behar Zana elkarteko kideak. «Pilota sustatu nahi dugu herrian, eta bailaran». Eta noski, txapelketa bere osotasunean den moduan, Antton Pebet oroitzeko unea ere izango da finala. Besteak beste, bere gurasoek jantziko dizkiote txapeldunei txapelak. «Anttonek maite zuen pilota, guk ere maite dugu, eta txapelketa honekin gure kulturaren parte den hori indartu nahi dugu», gaineratu du Lizasok.

Asteburu honetan jokatutako finalerdietan jende asko izan da, eta espero dute urtarrilaren 3an ere, iaz bezala, frontoia guztiz betetzea. Finaletan, finalerdietan ikusitako maila handia ere errepikatzea espero da. Kadeteen artean, Exposito-Aizpitarte bikoteak gutxigatik irabazi zuten Alberdi-Gaskueren aurka finalerako txartela. «Aizpitartek ez zuen bere eguna izan, eta Expositok eutsi zuen partida. Gaskue ondo hasi zen, baina bukaeran behera egin zuen», azaldu du Lizasok. Bestalde, Sein-Arangurenek irabazi zioten Salaberria-Mariezkurrenari. «Sein eta Arangurenek estrategia etxetik ekarri zuten, Salaberriak ahal zuen pilota gutxien ukitzea, eta hori eginez partida gogortu zuten».

Jubeniletan Zubizarreta-Beloki bikoteak Zalduondo-Belokiri irabazi zion. «Zubizarreta, nahiz kadetea izan, jubeniletan onenen artean dago. Belokirekin erraz irabazi zuen partida», azaldu du Lizasok. Beste finalerdian Egiguren-Aizpuruk irabazi zieten Beraza-Garmendiari. «Egiguren oso txukun jokatu zuen eta Aizpuruk beste guztien gainetik dagoela erakutsi zuen».

Nagusietan Santxo-Kastillok lortu zuten finalerako txartela eskualdeko Urbieta eta Erasunen aurka. «Kastillok emandako aukera oso ondo aprobetxatu zuen, ondo astindu zuen eta toki guztietan zegoen. Santxok erakustaldia eman zuen. Tantoa erraz bukatzen zuen, eta dena ondo atera zitzaion. Urbieta eta Erasun beren mailatik behera izan ziren». Beste finalerdian Arteaga-Gorrotxategik irabazi zieten Etxeberria-Bolinagari. «Arteagak Asegarcerekin aurreakordioa du, eta Gorrotxategi Garcerekin aritzen da. Oso serio jokatu zuten, eta besteek ez zuten askorik egin ahal izan beraien aurka».

Finalak, parekatuak
Finalak «oso erakargarriak» geratu direla dio Lizasok. Kadete mailakoari dagokionez,  Sein eta Arangurenek ezingo dutela finalerdietako estrategia erabili esan du: «Exposito eta Aizpitarte altzotarraren aurka ezingo dute horrela jokatu. Hori bai, Aranguren kontuan hartzeko da, kantxa asko hartzen baitu. Partida irekia izango da».

Jubenil mailako finala irekia ikusten du Lizasok. «Maila izugarria izango da. Dagoen aurrelaririk onena, Zubizarreta, eta dagoen atzelaririk onenetakoa, Aizpuru, elkarren aurka ariko dira». Eskualdea ondo ordezkatuta izango da: Aizpuru Asteasukoa da, Egiguren tolosarra, Beloki Bedaiokoa eta Zubizarrreta Lazkaokoa.

Nagusietan ere, beste mailetan bezala, parekatua ikusten du neurketa: «Santxok eta Kastillok finalerdian bezala jokatzen badute, Arteaagak eta Gorrotxategik partida handia egin beharko dute finala irabazteko».

Balantzea «oso ona» izaten ari da
Memoriala lehenengo aldiz 2009ko Gabonetan egin zen, Antton Pebet hil zen urte berean. «Bere oroimena gogoan hartuz, ahal zen txapelketa duinena eta politena egiten saiatu ginen», azaldu du Lizasok. «Tartean izan zen egun profesional den Aitor Mendizabal, esaterako». Iaz berriro ekin zioten txapelketari eta aurten jarraipena eman diote. «Aurreko urtean maila oso altua izan zen, eta tartean egun profesionalak diren Urruzola eta Iturriaga aritu ziren. Eta ziur aurten jokatzen ari direnetako batzuk laster profesionaletan ikusiko ditugula». Orokorrean balantze «oso positiboa» egin dute antolatzaileek aurten txapelketa nola doan ikusita.

Euskal Herriko eta Errioxako pilotariek jokatu dute txapelketa, eta deigarria da hamabi finalistetatik hamaika gipuzkoarrak izatea, eta bestea bizkaitarra. «Gipuzkoarren maila nabarmena dela erakusten du horrek, txapelketara eskualde bakoitzeko pilotari onenak ekartzen saiatu baikara», esan du Lizasok. «Beraiek ere gogoa dute txapelketa jokatzeko, erakargarria egiten zaielako».

Antolatzaileek jarri dute erabiltzen den materiala. «Pilotari guztiak oso pozik geratu dira egindako aukeraketarekin. Mina egiteko ondo jo behar diren pilotak dira», azaldu du Lizasok. «Azkenean ikuslearentzako ere erakargarrienak dira horiek».

Finalari begira, finalerdietan bezala, mokadutxo bat doan hartzeko aukera izango dute pilotazaleek. «Beste jardunaldi guztietan bezala, finaleko sarrera ere doan izango da. Guk pilota sustatu nahi dugu, eta honen helburua ez da inoiz ekonomikoa. Hori bai, kostu handia du, eta laguntza izateko saski eder bat zozkatuko da», esan du Lizasok. Bide batez, Villabonako Udalari eta beste babesle guztiei eskertu diete Behar Zana elkartetik, «bestela ez zen posible izango hau antolatzea».

Behin Bearzana frontoian pilota festa amaituta, afaria egingo dute Behar Zana elkartean txapelketari amaiera emateko. Bertan izango dira, besteak beste, federazioko kideak, babesleak eta finalistak.

 

Finalerdietako emaitzak

Kadeteak    
Exposito-Aizpitarte            22
Alberdi-Gaskue                 19

Sein-Aranguren                22
Salaberra-Mariezkurrena   11

Jubenilak
Zubizarreta-Beloki            22
Zalduondo-Salegi             11

Egiguren-Aizpuru             22
Beraza-Garmendia           11

Nagusiak
Urbieta-Erasun                10
Santxo-Kastillo                22

Arteaga-Gorrotxategi       22
Etxebarria-Bolinaga         11

Kadete mailako Aizpitarte eta Exposito.

Kadete mailako Aranguren eta Sein.

Jubenil mailako Beloki eta Zubizarreta.

Jubenil mailako Aizpuru eta Egiguren.

Nagusien mailako Santxo eta Kastillo.

Nagusien mailako Arteaga eta Gorrotxategi.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!