Elkartasunak irabazi du

Ataria 2014ko abe. 30a, 11:37

Billabona futbol taldearen eta Saharako selekzioaren arteko partida jendetsua izan da.

Villabonako Udalak eta Billabona futbol taldeak antolatuta, elkartasunak kirol itxura hartu zuen joan den larunbatean, Arratzain futbol zelaian. Erregional mailako Billabona futbol taldea Saharako selekzioaren aurka aritu zen, eta 4-3ko emaitzarekin amaitu zen norgehiagoka, billabonatarren alde. Irabazi zuena, ordea, elkartasuna izan zen.

Hain zuzen horixe izan baitzen egitasmoaren helburua: saharar herriari elkartasuna adieraztea eta laguntzatxo bat bidaltzea. Horregatik, Saharako ereserkia abestu zuten hasieran, eta bi taldeek beren bandera eta ikurrak atera zituzten. Halaber, Saharari elkartasuna argi adieraziz irakurketa bat ere egin zuten ekitaldian, eta partida gehiago jokatzeko asmoa adierazi zuten.

Hitzordurako bereziki sortutako kamisetak jantzi zituzten jokalariek. Saharako selekzioan Euskal Herrian nahiz kanpoan bizi diren sahararrak aritu ziren, eta aste osoa igaro zuten Villabonan, entrenatzen.

Bertaratuek aukera izan zuen berritu berri duten zelaia ezagutzeko ere, partida parekatuaz gozatzearekin batera.

Lagun arteko partida izan bazen ere, porra egiteko aukera izan zen Villabonako lau tabernatan eta gaztetxean, eta futbol zelaiko taberna ere lepo egon zen. Horrela, horrekin guztiarekin bildutako dirua saharar kanpalekuetara bideratuko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!