Iragan astean, final zortzirenak bi bikotek gainditu zituzten: Etxebarria-Martinezek eta Urretabizkaia-Imazek. Gaur eta etzi, eta hurrengo asteburuan, final laurdenak jokatuko dituzte kadete, jubenil eta nagusiek.
Gaurko jaialdia 18:30ean hasiko da, eta hiru partida jokatuko dira; kadeteenak bi, eta jubenilena bestea; eta bai, punta-puntako pilotariak egongo dira kantxan. Lehen partidan, Exposito añorgarrak Aizpitarte pilotari ezkerrarekin jokatuko du Zabala adunarra eta Apezetxea goizuetarraren aurka. Lehen biek golpe bikaina dute eta joko askorekin daude egun. Bestaldetik, Zabalak sake bortitza du, eta Apezetxea ere maila ona ematen ari da azkenaldian.
Bigarren partidan, Alberdi azpeitiarrak, orain arte atzelari jokatu eta aurrelari izatera pasa denak, eta Gascue nafarrak jokatuko dute, Osa andoaindarraren eta Zubeldia amezketarraren aurka. Alberdi maila handiko pilotaria da, eta Gascuek berriz golpe bizia du. Osa berriz pilotari oso teknikoa da eta Zubeldiak bi esku zoragarri ditu. Partida irekia espero da.
Azken partida, jubenilena, Aurrera Saiazeko Zubizarreta eta Belokik jokatuko dute, Garate arrasatearraren eta Usandizaga andoaindarraren aurka. Zubizarreta nahiz eta pilotari kadetea izan, Gipuzkoako txapeldun geratu berri da jubeniletan. Beloki ezker ederrarekin bikote egokia du, eta faborito moduan agertuko dira partida honetan. Garatek eta Usandizagak, aldiz, defentsa handia dute, eta euren partida egitera joango dira.
Igandean, 10:30ean
Maila izugarrizko hiru partida ikusteko aukera egongo da igandean, Behar Zana pilotalekuan. Jubeniletan, Egigurenek eta Aizpuruk Salaberria eta Eskuderoren aurka jokatuko dute. Ondoren, Agirre-Perez II.a eta Santxo-Galarza irtengo dira kantxara, nagusien mailan. Azken partida, Urbieta-Erasun eta Labaka-Azpitartek jokatuko dute. Osagaiak? Ugari. Eskualdeko pilotari asko, eta guztiak maila handikoak: Urbieta asteasuarra, Erasun eta Labaka zizurkildarrak... gozamena ziurtaturik dago. Eta horiekin batera, Agirre burlatarra ikusteko aukera egongo da. Nafarroan proiekzio handienetakoa duen aurrelaria, Asegarce gertutik jarraitzen ari dena.
Gogoratu, sarrera doakoa dela txapelketa osoan zehar. Horrez gain, saski eder baten zozketan parte hartzeko aukera edukiko du ikusleak.