Laugarren aldiz jarriko dute Gabonetako parkea Villabonan

Rebeka Calvo Gonzalez 2014ko abe. 3a, 16:00

Merkataritza sustatzeko elementu izatetik herrigintzako ekimena izatera pasa dela nabarmendu dute

Villabonan haur eta gaztetxoentzako Gabonetako parkea jarriko dute berriz ere. 2011. urtean jarri zuten lehenengoz merkataritza sustatu asmoz, eta jada «herrigintzako ekimena» dela esan du Galder Azkue alkateak. Izan ere, Oria merkatarien elkarteko kideez gain, Zubimusu ikastolako eta Erniobea institutuko ikasleek hartuko dute parte, eta baita Katea Etxea gaztelekuak eta Malkar astialdi taldeak ere.


Gabonetako parkea 2 eta 9 urte arteko haurrei zuzenduta dago, eta Zubimusu eta Eniobeako DBH 3. eta 4. mailako ikasleak izango dira begiraleak. Horretarako Katea Etxeako orientatzaileen laguntza izan dute. «Begirale papera barneratzen lagundu diegu», esan du Aiora Etxeberria gaztelekuko koordinatzaileak.

Ekimen honen atzean, hala ere, Oria merkatarien elkartea dago. Merkatari elkarteko Aitziber Cenzanok Gabonetako kanpaina jada martxan dutela esan du. Batetik Bearzana pilota eskolaren zozketan parte hartzen dute eta abenduaren 15, 16 eta 17an 200 euroko opari txekeak zozkatuko dituzte. 500 euroko opari txekeak ere banatuko dituzte hilaren 18an, eta urtero bezala, urtarrilaren 8an lau opari txeke zozkatuko dituzte. Guztira 1.200 euro banatuko dituzte herriko dendetan gastatzeko. Gabonetako argiak piztuko dituztela ere esan zuen Cenzanok. Saltoki batzuk abenduaren 20 eta 21 nahiz urtarrilaren 3 eta 4an irekiko dutela ere nabarmendu du.

 

Datuak

  • Noiz. Abenduaren 20, 23, 26, eta urtarrilaren 2 eta 5. Abenduaren 23  eta 26an zein urtarrilaren 2an bi txanda: 16:30- 18:00 eta 18:00-19:30. Eta abenduaren 20an eta urtarrilaren 5an beste bi txanda: 11:00- 12:30 eta 12:30-14:00.
  • Non. Bearzana frontoia.
  • Guneak. Lau txoko: jolaserako, eskulanetakoa, meriendakoa eta puzgarriena. Haurrak taldeka banatu eta gunez gune pasako dira.
  • Berrikuntza. Hilaren 20ko talo tailerra.
  • Tiketak. Katea Etxean hilaren 17 eta 18an 08:30etik 09:30era, eta hilaren 19an 15:00etatik 16:30era. Ume bakoitzak 3 txandetan eman dezake izena, eta txanda bakoitzeko 2 euro ordaindu behar dira, 1,40 euro familia ugarien txartelarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!