Urtero moduan Hondakinak Saihesteko Europako Astearekin bat egin du Amasa-Villabonako Udalak eta "zero zabor herria bilakatzeko ametsean" jarraitzeko pausuak ematen jarraitzeko asmoa berretsi du. Honetarako, Zero Zabor mugimenduak markatzen dituen hiru pausuak zein diren gogorarazi ditu udalak prentsaurrekoan: murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea.
Sentsibilizazio honetan helburu nagusitzat hondakinak murriztea jo du Nagore Etxeberria zinegotziak, bere esanetan "gutxitzeko lehenengo pausua" baita hau. Tupper-en kanpaina, ekintzetarako edalontzi berrerabilgarriak erosi eta poltsa berrerabilgarriak banatu dituzte orain arte eta helburu honi begira ekimen gehiago egiteko asmoa dutela adierazi dute udaletik. Honetan jarraitzeko, mugikortasun astearen baitan bigarren eskuko azoka ere egin zen eta datorren larunbatean bigarren eskuko jostailuen azoka egingo da Berdura plazan.
Larunbateko jostailuen azoka herrikoen parte hartu nahi duenak izena eman beharko du Ingurumen sailean. Izena emandakoan, mahai bat gordeko zaie eta beraiek izango dira jostailuak saltzeko arduradun. Harrera ona izan du bigarren eskuko jostailuen azokak beste edizioetan eta jostailuak saltzeaz gain trukerako ere aukera paregabea izaten da bertan.
Hondakinak Saihesteko Europako Astearen baitan antolatutako beste ekimena ostegunean egingo den ikastaroa da. Hitzordua balio anitzeko gelan izango da, 18:00etan, eta Aranzadiren laguntzarekin eskainiko da. Egunerokotasunean hondakin gutxiago nola sortu erakutsiko dute bertan eta aholkuak emango dituzte hondakin gutxiago sortuz eta energiaren erabilira kontrolatuz dirua aurrezteko.
EGITARAUA:
- Azaroak 27, osteguna, 18:00etan. Aranzadiren eskutik hondakin gutxiago sortzeko ikastaroa balio anitzeko gelan.
- Azaroak 29, larunbata. Bigarren eskuko jostailuen azoka Berdura plazan.
Lehen emaitzak auzo konpostan
Ekimen hauen berri emateko prentsaurrekoan herritarrak zoriondu dituzte udaletik. Zoriondu egin nahi izan dituzte billabonatarrak birziklapen tasak "irauli" izanagatik eta eskerrak eman udalak bultzatutako ekimenak errealitate bihurtzen dituztelako beraien eguneroko ahaleginaren emaitzarekin.
Birziklatzearen alorrean aipamen berezia egin nahi izan diote udaletik auzokonpostaren eta autokonpostaren gaiari. 2013ko udaberrian hasi ziren hainbat herritar auzokonposta egiten Etxeondo eta Txermingo guneetan. Gune bakoitzean hamabost familia ari dira parte hartzen, guztira 95 pertsona inguru. Hirugarren konposta gunea martxan jartzea aztertzen ere ari dira udalean.
700 litroko konpostagailu bakoitza lau hilabeteren bueltan betetzen da eta ondoren, beste lau bat hilabete eduki dira "heltze" prozesuan. Azkenik, konpostagailu barnekoa atera, txikitu eta bigarren "heltze" fase batera pasatu da, lurrean pilatuta. Amaitzeko, beharrezkoak diren analisi fisiko kimikoak eta bakteriologikoak egin dira eta erantzun positiboak lortu dira.
Alaitz Bilbao Ingurumen teknikariak azaldu ditu auzokonpostaren ondorioz lortu diren zifrak. Parte hartzaileei esker udalak 3,9 tona hondakin organiko bildu behar ez izatea lortu da eta 700 kilo konposta inguru lortu dira. Programa honetan parte hartu duten herritarrak zoriondu nahi izan dituzte udaletik eta eskerrak eman herriko lorezainei guneen jarraipen egokia egiteagatik.
Bestalde, asteartean banatu behar zuten konposta azokan, baina ezinezkoa izan da herriko lorategi batean ongarri modura erabili baita. Barkamena eskatu nahi izan dute sortutako eragozpenengatik eta bigarren sortaldiko konposta parte hartzaileei banatzeko asmoa luzatu dute.