Aizkardiren argazki rallya, igandean

Erabiltzailearen aurpegia Igor Agirre 2014ko azaroaren 14a

09:00etan hasiko da argazki rallya eta aurrez markatutako ibilbidea burutu beharko da.

Aurten ere mendizaletasuna eta argazkigintza batzeko intentzioarekin antolatu du Amasa-Villabonako Aizkardi Mendizale Elkarteak argazki rallya.Partehartzaileek aurrez markatutako ibilbidea burutu beharko dute 7. ediziora iritsi den lehiaketan eta mendia eta naturarekin zerikusia duen gai zehatz baten inguruko argazkiak atera beharko dituzte, igandean.

Argazki kamera digital nahiz analogikoekin parte hartu ahal izango da argazki rallyan eta 36 argazki atera beharko dituzte 09:00etan hasiko den lehiaketan. 9 kilometroko ibilbidea egin beharko dute argazkilariek lau orduko tartean.

Ateratako argazkietatik hiru aukeratu beharko dira lehiaketarako eta aurkezturiko lanak azaroaren 24 eta 28 artean erakutsiko dira Gurea zinema aretoan.

Epaimahaiak aukeratuko ditu argazki guztien artean saridunak eta hauen erabakia apelaezina izango da. Erakusketara gerturatzen den jendeak publikoaren sarirako bozkatzeko aukera ere izango du eta irabazle honek epaimahaiaren saria ere jaso ahalko du.

Sari banaketa azaroaren 28an, ostiralean, izango da 21:00etan Gurea zinema aretoan, 31. Aizkardiren mendi asteko azken proiekzioaren ostean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!