Flemingo ikasleak bisitan

Ataria 2014ko urriaren 30a

Amasa-Villabonako Fleming ikastetxeko ikasleen bisita jaso du Tolosaldeko Ataria-k.

Bederatzi eta hamar urteko hogeita hamar bat ikasle Tolosaldea lantzen ari dira, eta eskualdeko 28 herriren albisteak nola lantzen diren jakin nahi izan dute, bertatik bertara.
Bi irakasle lagun zituztela etorri ziren ikasleak Ataria-ra. Trena hartuta egin zuten Villabonatik Tolosarako bidea, eta etxeko lanak eginda gerturatu ziren erredakziora. Hainbat galdera prest zituzten kazetariei egiteko, baina beste hainbat bertan bururatu zitzaizkien kazetari txikiei. Erredakzioa, bilera gela edota  irrati estudioa ikusteaz gain,  webgunea, egunkaria, astekaria eta irratia nola egin eta elikatzen diren ikusi ahal izan zuten. Kazetariekin, kudeatzailearen edota komertzialarekin hitz egiteko aukera izan zuten.
Ataria irratiko Pasahitza saioan zuzen-zuzenean sartu ziren ikasleak bost taldetan banatuta. Oskar Tenak eskaintzen duen artearen txokoan sartu ziren hainbat ikasle, eta arteaz hitz egiteko aukera izan zuten. Azkena sartu zen taldeak gustuko abesti bat eskatzeko aukera ere izan zuen. Hamaiketako egin, eta trenerako bidea hartu zuten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!