«Txirrindularitza ere gustuko dut botila txikiak biltzeaz gain»

Erabiltzailearen aurpegia Igor Agirre 2014ko urr. 23a, 10:43

Etxeko ganbaran 1.200 botila txiki ditu Ramon Iturraldek eta aurten 150 inguru jaso ditu semearekin batera.

Euskal Herrian txirrindularitzarekiko zaletasun handia dagoela jakina da, baina zaletasun honek azpizaletasun bat sortu zuen Ramon Iturralderengan (Andoain, 1962). 23 urtetik hona billabonatartua dagoen txirrindularitza zale honek, txirrindularien botilak biltzen ditu. Lasterketak ikustera joaten denean bere bilduma handitzen ere saiatzen da, orain, Iker semearekin batera.

Zaletasun berezia da zurea.

Bai. Azken 30 urteetan txirrindulariek erabiltzen dituzten botila txikiak jaso eta bilduma osatzen dut. Hasiera batean lasterketak ikustea zen nire zaletasuna, ez botila txiki hauek biltzea.

Nola sortu zitzaizun zaletasun hau?

70. hamarkadan Donostiako belodromoan amaitzen zen Espainiako Itzulia urtero-urtero. Etxe ingurutik igarotzen zen lasterketa eta orduan hasi nintzen txirrindularitza ikusten. Garai hartan ez zegoen telebistarik eta lasterketak irratitik soilik jarraitu genitzakeen. Txirrindulariak zuzenean errepide ertzetik soilik ikusten genituen.

Botila txikiak jasotzea txirrindulariak ikustea baino garrantzitsuagoa da zuretzat?

Ez, bi zaletasunak %50ean daudela esango nuke. Pena ematen dit botilak jasotzeagatik lasterketa ez ikusteak. Azken batean, ibilbidea aztertu eta hiru edo lau puntutan jartzen gara lasterketa ikusi eta hauek jaso ahal izateko.

Aztertuta duzue orduan zein puntutan jasoko dituzuen botilak.

Bai. Ordubete oro botila bat botatzen dute txirrindulariek gutxi gorabehera. Lasterketan parte hartzen dutenek pixkanaka uzten dituzte botila txikiak errepide iskinean eta guk plan bat egin ohi dugu horren arabera.

Beste batzuetan, tropelaren atzetik oso gertu egiten ditugu ibilbidearen zati batzuk botatako botila txikiak jasotzeko. Lasterketaren kilometroen arabera, hornidura puntu batzuk ere egoten dira eta horren arabera ere mugitzen gara.

Zein lasterketetara gerturatzen zarete?

Izan garen azken lasterketa Ponferradako Munduko Txapelketa izan da, orain dela hilabete. Espainiako Itzulian ere San Migeleko etapan, Logroñoko etapan eta Burgosko etapan izan gara. Hauen aurretik, Burgosko Itzulian, Donostiako Klasikoan, Ordiziako Klasikoan, Getxoko Klasikoan... profesional eta afizionatuen lasterketetara gerturatzen gara.

Zure bilduman denetariko botilak daude orduan.

Zale bakoitzak bere bildumak osatzeko ohiturak ditu. Nire bilduman garrantzia gehiago ematen diet emakumeen nahiz gizonezkoen taldeetako botila txikiei.

Frantziako Tourra goi mailako plaza izango da botilak lortzeko.

Bi edo hiru alditan joan nahiz lasterketa ikustera botila txikiak hartzeko asmoarekin. Baina Tourrak jende asko mugitzen du eta oso zaila da bertan botilak lortzea. Europa guztiko zaletuak gerturatzen dira bertara eta hauek ere sekulako zaletasuna dute honetan. Tourrera lasterketa ikustera joatea nahiago dut nik.

Nola definituko zenuke zuretzako zer den botila txiki bat?

Harribitxi txiki batzuk dira niretzat baina ez naiz kontu honekin erotzen. Norberak jartzen dio neurria eta norberak ematen dio nahi dion garrantzia. Hala ere garrantzitsuak dira niretzat, nire denbora libre asko eskaintzen baitiot zaletasun honi.

Zenbat botila dauzkazu bilduman?

Egia esan ez dakit ziur zenbat ditudan. Azken urte honetan, zenbat diren jakin nahian nabil eta etxean 1.200 botila inguru dauzkadala esango nuke. Aurten, 150 bat botila eskuratu ditugu semeak eta biok.

Botilazaleek zuen artean botila txikiak elkarbanatzen dituzue?

Internet bidez botila txikiak aldatzeko zaletasuna badago eta orain arte ez nuen ohiturarik. Azken urtean hasi naiz honetan eta errepikatuta dauzkagun bidoiak trukatzen ditugu. Errepikatutako botilak ere jasotzen ditugu errepide bazterretik beste zaleekin trukea egiteko.

Honetan ere lagundu du teknologiak. Asko aldatu dira botila txikiak urteen poderioz?

Aldaketa handiak egon dira. Orain dela 30 urteko botilak oso material gogorrekoak ziren eta ez ziren desegiten. Orain egiten dituztenak, aldiz, biodegradagarriak dira. Estetika aldetik ere sekulako diferentzia dago lehen eta oraingo botilen artean. Lehengo botilak askoz ere zuriagoak ziren, eta gaur egun kolore askoko botilak egiten dituzte.

Sky taldea aitzindari da botila txikien munduan ere?

Aurrekontu oso handia duen taldea da Sky baina normalean ez dituzte botilak asko aldatu. Hala ere, beste taldeek ez dauzkaten medio batzuk dituzte. Adibidez, botila txiki termiko bat dute talde honetan. Bero edo hotz asko egiten duenean, barruko likidoa tenperatura egokian mantentzen du botila txiki termiko honek.

Dauzkazun botila txiki guztien artean bat aipatuko zenuke?

Oso zaila izango litzateke bat bakarra aipatzea. Batzuk asko kostata lortzen dira eta beste batzuk oso erraz. Urte guztia botila baten atzetik pasa eta ez lortzea posible da. Botila hau eskuratzen duzunean sekulako poza sentitzen duzu. Beste batzuetan txirrindulariari eskatuz lortzen ditugu. Niri gertatu zait Alberto Contadorri botila eskatu eta eskura bat bazuelako momentuan ematea. Batzuetan kilometro asko kostata lortzen ditugu botila jakin batzuk eta beste batzuk berehala izaten ditugu esku artean.

Anekdota ugari izango dituzu.

Jende asko elkartzen gara afizio honen inguruan eta azkenean anekdota ugari dauzkagu. Gertatu izan zaigu, adibidez, txirrindulariak bidoiak guri botatzera joan eta begiratu gabe jaurtitzeagatik ia-ia sekulako kolpea ematea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!