«Gehiago naiz kaleko jendearekin eseri eta entzutekoa»

Iñigo Terradillos 2014ko urr. 5a, 10:00

Arantxi Padilla  
Latinoamerikako EITBren berriemailea


Telebistaren bitartez sartu ohi da gure etxeko sukaldean edota egongelan, izan ere, azken urteetan, ETBko albistegietan Latinoamerikako berriak ematen dihardu. Bere jaioterrian izan berri da Arantxi Padilla (Villabona, 1982), eta aitortu du, urtean bitan etortzen dela «pilak kargatu» behar dituelako.

Duela hiru urte eta erdi abiatu zinen Kolonbiara EITBko berriemaile lanak egitera.
Oso azkar igaro da denbora. Hasiera batean urtebeterako joan nintzen, eta hortik aurrera ezer zehaztu gabe nuen. Kolonbian bizi naiz, Bogotan, eta Latinoamerika guztiko albisteak jorratzen ditut, beraz, herrialde ugari eta oso anitzak jorratzen ditugu, kultura desberdin asko, eta oso egoera eta bizimodu desberdinekin. Gu ohituta gaudenarekin konparatuz, oso desberdina da. Egia esan, oraindik asko geratzen zait ikasteko, eta batez ere, hori izan da nire helburua hasieratik, ikastea.

Laster lau urte egitera zoaz, jarraitzeko asmoz?
Oso gustura nago. Urtez urte joaten naiz erabakitzen, edo ideiara egiten. Bizitzako beste hainbat gauza bezala, hau ere, azken batean, bizitzaren zati edo aro bat da, eta ez dakit zenbat iraungo duen. Badira lan batzuk epe baterako izaten direnak, eta berriemaile izatea zaku horretan sartuko nuke.

Zergatik?
Berriemaileak euren lanerako bizi dira, lan oso lotua da, aktualitateari etengabe begira baitzaude, 24 orduz mobilaren menpe, eta alde batetik bestera mugitzeko erabateko prestutasunarekin... Horrek guztiak zure bizitza nolabait mugatu egiten du. Ez da zazpi edo zortzi orduz lana egin, eta etxera itzuli eta kito. Gure kasuan, Mexikotik beherako lurralde guztien aktualitateari begira egotea egokitzen zaigu, eta lurralde asko direnez, badakizu edozein unetan edozer gertatu daitekeela, eta agian bertan egon beharra daukazula albistea kontatzen. Baina, horretara gaude ohituta, eta berriemaile izatera joaten zarenean, badakizu horrela izango dela. Urtez urteko proiektu moduan hartzen dut nik, eta oraingoz, behintzat, beste urtebetez egongo naiz.

Benetako kazetari lanak egiten ditu berriemaile batek?
Nik neure burua erreportaje-egile moduan definitzen dut. Berriemailea alde batetik bestera dabilen pertsona da. Horrela ibiltzera ohitzen zara. Askotan ez diozu erreparatzen nola zoazen jantzita, baizik eta albistea lantzeari begiratzen diozu. Kalean ordu asko igarotzen ditugu, batez ere, albiste handi bat jorratzea egokitzen bazaigu. Horrelakoetan, une oro kalean gaude, gertatzen den guztia kontatzen, erreakzioak jasotzen... Ez gaude erredakzio batean, lehen pertsonan ikusten ari gara gertatzen dena. Prentsaurrekoetara joatea, edota egunkari batetik edo irrati batetik lan egitea kazetari lana da, noski, baina desberdina da; gurea oso kalekoa da.

Gizarte arloko erreportaje asko egiten dituzu.
Nire ustez, Latinoamerikako gizartea zertxobait ezagutzen dugu, baina, distantziatik. Gurean, Euskal Herrian dauden latinoamerikarrak ere, agian, ezagutzen ditugu, baina ez hainbeste. Beraz, nik esango nuke Latinoamerikako korrespontsalia duen berezitasuna dela hango gizartea nola bizi den ezagutaraztea. Ez du zerikusirik, esaterako, Paris edota Bruselako korrespontsaliekin, eta bertako berriemaileek egiten duten lanekin. Politikako albiste gehiago jorratzen dituzte beraiek; nolabait esateko, protokolozkoagoa da, ofizialagoa.

Dena den, zuri ere egokitu zaizkizu gertakari handiak, mundu mailan oihartzuna dutenak, gainera. Esaterako, Hugo Chavezen heriotza.
Oso une berezia izan zen. Latinoamerika, eta batez ere, Venezuela, puri-purian zegoen. Chavezek denbora asko zeraman gaixo, zurrumurru asko zeuden... Chavezen heriotza Venezuelako herritar askok euren aita edo jainkoa hil balitz bezala bizitu zuten. Chavista askorentzat lehendakari bat baino gehiago zen. Niretzat pertsonalki oso berezia eta ikusgarria izan zen, horrelako gauza bat ez bainuen sekula ikusi. Jendeak sekulako maitasuna zion, eta, esaterako, guk sentimendu hori ez dugu Euskal Herrian ikusten politikariekiko. Kontrakoak ere bazituen, noski, eta gaur egun ere, aldekoak eta kontrakoak hor mantentzen dira.

Orain gehiago ulertzen al duzu Chavezenganako zuten miresmen edo maitasuna?
Bere gorpua ikusteko egin ziren ilara luze haiekin, adibidez, harri eta zur geratzen ginen, bai ni, bai eta nirekin lanean ari zen kameralaria ere. Sekulako beroa egiten zuen, eta jendea ikus zitekeen euren haur jaioberri eta guzti, orduak eta orduak itxaroten. Ez baduzu ikusten ez duzu sinesten. Chavezek behartsuengatik gauza asko egin zituen, eta beraiek nolabaiteko eskertza adierazi nahi zioten. Horrek guztiak zer pentsatua ematen dizu.

Gaur egun, zein da Venezuelako egoera?
Ezin esan lasai daudenik. Nik beti esaten dut, kazetari moduan, ez garela analistak ez politologoak. Guk ikusten duguna kontatzen dugu, edo horretan saiatzen gara behintzat. Esango nuke Venezuela oso etapa berezia ari dela bizitzen, eta ez dakit nondik nora joango den, baina gauzak ez badira zertxobait hobetzen, asko zaildu daiteke egoera. Chavezen heriotzak asko markatu du Venezuela, oposizioa ere oso indartsu jarri zen. Ez nuke jakingo esaten hemendik hilabetera nola egongo den, baina, espero dut hobera egitea.

Kolonbian, Bogotan, bizi zara zu. Nolako lurraldea da? Lurralde arriskutsuenen artean kokatzen dute.
Ez da garai bateko Kolonbia, ez dago garai bateko segurtasun falta, baina, ez da Euskal Herrian bizitzea bezala. Bai Kolonbian, bai Mexikon, bai eta orokorrean Latinoamerikan bizi garenak, eta batez ere, euskaldunok, badakigu Euskal Herrian dugun lasaitasuna ez dugula han topatuko. Hasieran guztiak harritzen zaitu, baina, gerora, ohitu egiten zara. Ezin da esan kaletik beldurrez zoazenik, baina, bai gauzak beste era batera egiten dituzula; esaterako, inoiz ez dut mugikorrez hitz egiten kaletik noanean. Lapurretak ekiditeko kontuan hartu beharreko neurri txikiak hartzen dituzu. Gauez, esaterako, bakarrik ez naiz inoiz ateratzen kalera. Pixka bat kontuz ibiltzea da kontua, eta azkenean ikasi egiten duzu, eta ohitu egiten zara.

Hasiera nolakoa izan zen?
Hasiera guztiak konplikatuak izaten dira, egoera berriak izaten direlako. Zure etxetik urrun bazaude, gainera, are gehiago. Poliki-poliki lagunak egiten zoaz. Hasieran norbait ezagutzen duzu, eta bere lagun sarearekin ere erlazionatzen zara... Kanpotar ugari biltzen gara han, adin desberdinetakoak, gainera, eta familia moduko bat osatzen dugu. Kanpotik joandako kazetari dezente gaude, eta eurekin lan ordu asko elkarbanatzea eta eurekin harremanetan egotea egokitzen zaizu. Agian, hemen beste komunikabideetako lankideekin ez duzu harreman hori, baina han bai, eta nolabait elkarri laguntzen diogu.

Gertakari handien jarraipena egitea ezezik, pertsonaia ezagunak elkarrizketatzea ere egokitu zaizu.
Askotan egokitzen zaigu presidenterako hauteskundeen berri ematea. Oso ikusgarria da zuk telebistaz ikusi izan duzun hori gertutik bizitzea. Aldi berean, niri beste aldea gustatzen edo interesatzen zait gehiago. Gizartearen jende xumea edo gizartearen biktimak direnak ezagutzea nahiago dut. Goi mailako jende asko elkarrizketatzea egokitu zait, baina, normalean ez naiz gauza horiekin geratzen. Rigoberta Menchu Bakearen Nobel Saria ezagutzea, esaterako, asko gustatu zitzaidan. Baina, esan moduan, gehiago ukitzen nau beste aldeak, egoera zailean bizi den jendeak. Ez naiz eliteetako zalea, elkarri lausenguka aritzen direneko giroa gailentzen baita normalean. Gehiago naiz kaleko jendearekin eseri eta entzutekoa.

Azken hilabeteetan Latinoamerikako berriek albistegietako leku gehiago hartzen dute.
Bertako lurralde batzuen hazkunde ekonomikoarengatik dela esaten da, baina, ez dakit hori benetan horrela den. Ikusten dut hemengo gazte asko hara joaten dela krisiak bultzatuta, aukeren bila. Ez dakit beste lurraldeetan nola den, baina, Kolonbian behintzat, hemengo lan kontratu batekin ez bazoaz jai duzu. Hango enpresatan lana bilatzea zaila da, eta gainera, hango soldatak eta ordutegiak dira. Krisi garaia da, baina gu hemen, orokorrean, oso ondo bizi gara. Besteekin alderatuta, ez gara ailegatu egitazko krisi egoera batean bizitzera. Han jendeak ez ditu 7-8 orduko lanegunak, 12, 14, 16koak baizik, eta gehienez, 200 euroko soldatak.

Ezin esan, beraz, hobera asko egin dutenik.
Ez. Baina nabarmendu behar da kolonbiarrak oso onak direla euren egoerari aurre egiten, bizia aurrera ateratzeko. Esaterako, lanik ez badute postutxo bat jartzen dute fruta salduz, edota kafea egin eta termoarekin kafea saltzen dute kalean. Ahal duen moduan ateratzen du jendeak bizimodua aurrera, ez dira etxean geratzen lanik ez dutelako noiz deituko diotenaren zain. Horregatik, ni hazkunde ekonomikoaren kontu horrekin oso zuhurra naiz, oso erraza baita esatea, baina, oraingoz kaleko jendeak ez du nabaritzen. Gainera, Latinoamerikan, behartsua oso txiroa da, eta aberatsa, berriz oso aberatsa. Ez dago klase ertainik. Oso polita da esatea goruntz goazela eta krisitik ateratzen ari garela, baina, jendeak hori ez badu beren etxeetan eta poltsikotan ikusten, alperrik da.

Nola jarraitzen duzu Euskal Herriko aktualitatea?
Betidanik gustatu izan zait albisteak jarraitzea. Gainera, nahiz eta han bizi, nik uste dut hemengo aktualitatea jarraitu behar duzula, bai zure interes propioarengatik bai eta beharragatik ere. Nire ustez, guztiok egon behar dugu informatuta, bai Euskal Herriko egoeraren inguruan, bai eta mundu mailakoaren inguruan. Albistegia jartzen duzu, edo egunkaria irakurri edo irratia jartzen duzu, eta albisteak ez dira beti baikorrak izaten. Hori dela eta, askotan esaten dugu zertarako jarri albistegia notizi txarrak ikusteko, baina, ezin dugu ezjakinak izan, eta ezer pasako ez balitz bezala jokatu. Gure bizitza markatzen duten erabakiak hartzen dituen jendeak zer esaten eta egiten duen jakin beharra dago. Euskal Herriko oraingo egoera, nire ustez, oso interesgarria da, eta espero dut gauzak poliki-poliki hobera jotzea.

Nola jarraitzen dute hangotarrek gure errealitatea?
Asko galdetzen digute Euskal Herriko egoeraz. Egia da, baita ere, kanpotik begiratuta oso herrialde txikia garela. Gu oso harro gaude euskaldunak izateaz, baina, Kolonbia bezalako lurralde handi batentzat, Euskal Herria, tamainari dagokionez, bertako departamentu txiki bat litzateke. Horrela ikusten gaituzte. Bestalde, askok badakite euskal jatorria dutela, abizen euskalduna dutelako, eta horiek badute interes berezia euskaldunekiko. Eta, ez da ahaztu behar, euskal etxeak ere badaudela.

Egunotan Villabonan izan zara. Beharrezkotzat dituzu zure jaioterrira egiten dituzun bisitak.
Egia esan, oso billabonatarra naiz, eta ezin dut egon urte bat kanpoan Villabona ukitu gabe. Hori nire familikoek eta lagunek badakite. Asko gustatzen zait hona etortzea eta behar dut, gainera; nolabait, pilak kargatzeko balio baitit. Tolosara etortzea ere asko gustatzen zait. Euskaldunok orokorrean gure aberriarekiko maitasuna eta herrimina zer den badakigu. Normalean urtean bitan etortzen saiatzen naiz, udan eta Gabonetan.  

Indarberritu, eta bazoaz beraz.
Bai, eta orain beste etapa berri bat egokitzen zaigu. Brasilgo, Uruguaiko eta Boliviako hauteskundeak datoz, eta hori guztia kontatzeko prestatu beharko dugu. Latinoamerika den handiarekin urtean 3-4 hauteskunde egokitzen dira, beraz, une oro informatuta egon behar duzu. Horrekin batera, Habanako bake prozesuari begira gaude.

Aisirako tartea non geratzen da?
Askotan esaten digu jendeak ze zortea dugun Brasil bezalako lekuetan lan egitea egokitzen zaigulako, baina lanean gaude. Aireportura iritsi, eta handik kalera goaz grabatzera, gero hotelera materiala bidaltzera... eromena izaten da. Tarte batenbat aisirako baldin badago korrika batean zeozer jateko edota lo egiteko izaten da. Batez ere, handik hona dagoen zazpi orduko desberdintasun horrek eragiten digu, izan ere, zuek lo zaudetenean gu lanean egoten gara, eta zuek esna zaudetenean guri ere askotan lanean egotea egokitzen zaigu. Une oro aktualitatearen menpe egon behar duzu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!