Txakolinaren festa eguna izango da larunbatean Amasan urteroko arrakastari jarraiki. Uxo-Toki elkarteak antolatutako egunak laugarren edizioa izango du aurtengoa 16:00etatik aurrera, eta txakolina dastatu, pintxoak jan eta pilota partida ikusteko aukera izango dira bertan.
Hemezortzi txakolin etxe desberdinek eskainiko dute edaria bertara gerturatzen direnentzat, eta eztarria busti ondoren sabela bete nahi dutenentzat pintxo ugari izango dira. Horien artean izango dira Elkano, Gañeta, Bekoerroeta eta Gaintza besteak beste.
Hala ere, txakolina dastatu aurretik pilotak hartuko du protagonismoa Amasako laugarren Txakolin Egunean. 16:00etan hasiko dira hiru bikote eskuz kinielatara jokatzen Amasako pilotalekuan. Jarraian eskuz binakako partida jokatuko dute Olaizola I.-Eskudero bikoteak Goñi II- Gorrotxategiren aurka. Honenbestez ez da ikuskizunik faltako aurtengo edizioan ere. Pilota partidak amaitu ostean ekingo diote edaria eta janaria probatzeari Amasan.
Sarrerak egunean bertan eskuragarri egongo dira Amasan baina hainbat tabernetan aldez aurretik erosteko aukera ere badago, hain zuzen ere Amasa-Villabonako Urrizpe, Iru-Aldeta eta Iturri-Goxo tabernetan.
Pilota partidak ikusteko aukera, txakolina edateko edalontzia eta bi pintxo dastatzea bermatzen duen sarrerak hamabi euroko prezioa du helduentzat eta sei eta hamabi urte bitartekoentzat sei euro balio du. Sei urtez azpikoek sarrera doan izango dute. Bestalde, txakolina eta bi pintxo dastatzeko sarrera bost euroren truke dago salgai.
PILOTA PARTIDAK ETA DASTAKETA
16:00. Hiru bikotek eskuz kinielatara jokatuko dute.
Ondoren. Olaizola I.-Eskudero Goñi II- Gorrotxategi binakako partida.
Partiden amaieran. Txakolina eta pintxoak dastatzeko aukera. Txakolindegiak: Elkano, Bekoerrota, Igeldo, Gaintza, Gañeta, Gorosti, Aizpurua, Basa Lore, Bengoetxe, K5 Argiñano, Mokoroa, Urki, Ameztoi, Rezabal, Akarregi Txiki, Kataide eta Inazio Urruzola.