''Lanaren ondorioz lortu dugu Donostiako txapelketa irabaztea''

Tolosaldeko Ataria 2014ko ira. 11a, 14:47

Igandean Donostian jokatutako Dantza Sueltoko txapelketa irabazi berri du Lierni Kamiok (Villabona, 1995). Iker Sanz lezotarra lagun, txapela eta zapia eta 400 euroko dirusaria irabazi zituzten Donostiako Konstituzio Plazako taula gainean nagusitu eta gero.

Nola joan zen txapelketa?

Oso ondo. Seigarren bikotea izan ginen taula gainean eta oso gustura geratu ginen egindako lanarekin. Egia esan ez genuen irabaztea espero, dantzari guztien artean nahiko maila polita dago eta. Lau bikote ibiltzen gara gehienetan txapela lortzeko lehian.

Zer sentitu zenuten zuen izena entzutean?

Sekulako poza. Iker eta biok segituan besarkatu ginen eta gustura hartu genituen sariak. Pozik dantzatu genuen berriro ere.

Zein formatu izaten du Dantza Sueltoko txapelketak?

Bikote bakoitzak fandango eta arin-arin bana dantzatzen du. Epaimahaiak irabazlea aukeratzen duenean, irabazleek berriro dantzatzen dute.

Igandeko saria lan handiaren fruitua izango da ezta?

Asko entseatzen dugu eta Donostiako txapelketarako astean hiru entsegu egin ditugu. Nire maisuak esan ohi du lanaren ondorioz lortzen direla emaitzak eta honelaxe lortu dugu gure nahia zen Donostiako Dantza Suelto Txapelketa irabaztea.

Ez da txapelketa batean parte hartzen duzun lehen aldia.

Ez, ez. Hamalau urtetatik nabil txapelketetan. Hasiera batean soinu zahar txapelketetara aurkezten nintzen eta lehen urtean lortu nuen txapelketa irabaztea. Ondoren, hori baztertu eta Iker Sanz nire bikotearekin fandangoa eta arin-arina dantzatzen hasi nintzen.

Iaz, izen handia duen Segurako Txapelketan hirugarren sailkatu zineten.

Bai, hori bai ez genuela espero! Asko entseatu genuen txapelketa horretarako ere. Sekulako maila egoten da Seguran eta hirugarren postuan sailkatzea lehenengo postuan geratzea bezala izan zen guretzat. Ez genuen inondik inora espero hirugarren postu hori lortzea.

Aurten ere Segurako Txapelketan parte hartzeko asmorik baduzue?

Hurrengo astetik aurrera entseatzen hasiko gara eta normalean baino gehiago praktikatzeko asmoa dugu. Gure asmoa Seguran bigarren edo lehen postua eskuratzea da. Hala ere disfrutatzea da gure helburua.

Jantziari ere garrantzia ematen zaio txapelketetan.

Bai. Jantzien saria ere egoten da txapelketetan nahiz eta guk ez dugun sekula irabazi. Itxurari ere garrantzia handia ematen zaio eta tradizioa ondoen mantentzen duten jantziak saritzen dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!