Enrike Abril txapelketaren 51. edizioa hastear da

Ataria 2014ko irailaren 5a

Enrike Abril pilotariaren omenez ospatzen den urteroko errebote txapelketari igandean emango diote hasiera Villabonako Errebote plazan. 51. edizioa izango du aurtengoa 1963. urtetik jokatzen den txapelketak eta 10:30etik aurrera lehiatuko dira Behar Zana eta Endaiarrak taldeak.

Zazpi taldek hartuko dute parte Enrike Abril Txapelketan:Zubieta, Zaharrer Segi, Endaiarrak, Luzaz Gazte, Txoste, Kapito Harri eta Behar Zana. Aurtengo parte hartzaile guztietatik Luzaz Gazte taldeak irabazi ditu txapelketako edizio gehien, 14 txapel jantzi baitituzte baigorriarrek. Behar Zanak lau aldiz lortu du garaipena txapelketan eta beste sei ediziotan izan da txapeldunorde.

Bi fase izango ditu txapelketak. Lehenengoan bi multzotan banatuko dira talde parte hartzaileak partida banako ligaxkatan. Honen ondoren txapelketaren bigarren faseari ekingo diote. Lehenengo faseko multzo bakoitzeko ligaxkan aurreneko bi postuetan sailkatutako taldeak gurutzatuko dira final erdietan. Finala, urriaren 5ean aurreikusi dute antolatzaileek.

Argazki lehiaketa ere martxan

Aurten ere, Enrike Abril pilota txapelketaren aitzakiarekin argazki lehiaketa antolatu dute Behar Zana elkartekoek. Hirugarren edizioa izango du errebote jokoaren inguruko argazki txapelketa honek eta 16 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute. Bi pertsonentzako otordu bat irabaziko du lehenengo saria lortzen duen argazkilariak.

III. Argazki Lehiaketa

ERREBOTE JOKOA

  • Epea. Irailaren 7tik urriaren 5era.

 

  • Beharrezko datuak. Argazkilariaren NAN zenbakia, izen-abizenak eta kontakturako telefono zenbakia.

 

  • Txapelketaren oinarriak. Posta elektroniko bidez bidaliko dira.

 

  • Parte hartu ahal izateko. Mezua bidali beharzana@gmail.com helbidera.

 

  • Sariak. Irabazlearentzat, bi pertsonentzako afaria edo bazkaria Benta Aldea Bodegoian. Bigarren sailkatuarentzat, hainbat produkturekin osatutako lote bat. Partaide guztientzat, opari bat egongo da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!