Berrikuntzez beteta datozen Santio jaietarako prest daude billabonatarrak

Maier Ugartemendia 2014ko uzt. 23a, 11:12
Uztailaren 31ra bitarte izango dituzte festak; asteartean atseden eguna egingo dute

Billabonatarrak indarrak gordetzen ari dira egun hauetan, festetako egun luzeetan guztiaren beharra izango baitute. Izan ere, ordu gutxi batzuk besterik ez dira falta santioei hasiera emateko.

Bihar frontenis eta paxaka modalitateetako txapelketen finalen ostean etorriko da txupinazoa. Aurtengoan Villabona Xake Joko elkarteko kideak izango dira txupinazoa botatzearen ardura izango dutenak. 1972an lagun talde bat elkartuta abiatu zen elkarte honen ibilbidea eta iaz 40. urteurrena ospatu zuten. Behin txupinazoa botata, zazpi egun izango dituzte festan ibiltzeko, eta aurten lehen aldiz tartean egun bat, asteartea, atseden hartzeko.

Egitarauean urtero errepikatzen diren ekimenez gain, aurten hainbat berrikuntza ere txertatu dituzte: festetako argazkien proiekzioa, aniztasunaren kalejira, haurrentzako marrazki lehiaketa... Egitarau osoa www.ataria.info helbidean duzue ikusgai.

Berrikuntza ugari egitarauan

Aipatu bezala, aurtengo Santio jaietan finkatuta dauden egitasmoez gain, hainbat berrikuntza gehitu dituzte. Ostiralean, esate baterako, ohi bezala, Oinkari dantza taldearen soka dantza izango da. Aurten, ordea, udalbatza osoak hartuko du bertan parte.

Kirolaren eremuan, larunbatean lehen aldiz, Zumba klase herrikoia izango da Maiatzaren Lehena plazan, 10:00etan. Astelehenean, berriz, iazko arrakasta ikusita, Cycling maratoia izango da. Hau ere Maiatzaren Lehena plazan izango da, eta 11:00etan hasiko da. Ekimen batean zein bestean parte hartzeko, izena eman behar da kiroldegian ekintzaren aurreko egunetan. Horrez gain, aurten lehen aldiz Behar Zana Bola taldeak Bola txapelketa antolatu du santioetan. Larunbatean izango da, Errebote plazan, 10:00etan. Gainera, helduen txapelketa bukatzean, umeen tiraldia hasiko da.

Bestalde, aurten lehen aldiz 4 eta 14 urte bitarteko haur eta gaztetxoei zuzendutako marrazki lehiaketa antolatu du Oria merkatari elkarteak. Igandean izango da lehiaketa, 11:30ean, Berdura plazan.

Musika ere izango da protagonista aurtengo Santio jaietan. Urtero bezala, kontzertuak izango dira gauetan. Bihar, 00:30ean, Zea Mays eta Izeberg taldeek eskainiko dute kontzertua. Astelehenean, berriz, Bad Sound System eta Selektah Stepi DJen kontzertua izango dira.

Hondakinen bilketa festetan

Udalak herritarrei jakinarazi die Santio jaietan zehar hondakinen bilketa berdina izango dela guztientzat, kale Nagusiko biztanleentzat izan ezik. Hauek Kale Berrira atera beharko dituzte hondakinak. Ordutegia eta egutegia guztiz errespetatuko dira.

Honenbestez, billabonatarrek badute non aukeratu. Festarako gogoa izatea nahikoa da egun bikainak igaro ahal izateko, eta ziur horretan saiatuko direla buru belarri.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!