Julen Zelarain billabonatarra gaur igaroko da epailearen aurretik

Iñigo Terradillos 2014ko uztailaren 23a

Julen Zelarain Villabonako presoak epailearen aurrean deklaratuko du gaur, beste bederatzi euskal herritarrekin batera. Zelarain Huelvako espetxean zegoen eta orain, Valdemoroko espetxera ekarri dute. Amasa Villabonako Sortuk adierazi duenez, Zelarainen zein beste hainbat euskal herritarren aurka Auzitegi Nazionalak abiatu duen ekinbideak «Euskal Herrian ireki den eskenatoki politiko berria oztopatu beste asmorik ez du». Esti Amenabarro, Amasa-Villabonako Sortuko kideak hitz egin du Ataria Irratian.

Billabonatarra aske geratzeko sei hilabete geratzen dira, eta prozesamendu berri honek «argi erakusten du Espainiako Estatuaren estrategia», Sorturen ustez. «Are gehiago, 2008ko akusazioak mahai gaineratzen dituenean, urte horretatik Julen espetxean baitago». Une honetan, bere espetxe egonaldia amaitzen ari denean, Espainiako Estatua «oztopo berriak jartzen saiatzen» ari dela salatu dute. «Sei hilabetera aske ateratzeko unean halakoekin etortzeak mendeku usain argia dauka, eta mendekua eta errepresioa eskaintzeko besterik ez duenari herri bezala erantzun sendoak ematea dagokigu». Era berean, gogoratu nahi dute, Zelarainek bere espetxealdiaren zatirik handiena Huelvan egin duela, 2.000 kilometrora.
Amasa-Villabonako Sortuk elkartasuna eta babesa eskaini die Julen Zelarainen emazte, seme-alaba eta gertukoei, «halakoek bere ingurua urduri jartzea, bazterrak aztoratzea eta herri honetan ilusioari ate guztiak ixtea bilatzen baitute, eta horretan laguntzaile leialak dituzte Euskal Herrian bertan ere».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!