Foru Aldundiak adinekoen udal egoitzen kudeaketarako Kabia sortu du

Ataria 2014ko uztailaren 14a

Ekaina bukaeran aurkeztu zituzten Santiago egoitzan egindako berrikuntza lanak
Gipuzkoako Foru Aldundiak Kabia izeneko erakunde autonomo berri bat aurkeztu du gaur, Lurraldeko adinekoen 16 udal egoitzen kudeaketa pixkana bere gain hartzeko sortua. Horrela, Gipuzkoako udalek egindako aldarrikapen garrantzitsu bati erantzuten zaio eta Gizarte Zerbitzuen Legeak ezarritakoa betetzen du, izan ere, foru administrazioen konpetentzia da zentro hauen kudeaketa. Kabiak, lehenik, bost herritako egoitzak hartuko ditu bere gain, tartean Villabonako Santiago egoitza.

Gizarte Politikako diputatu Ander Rodriguezek iragarri du gaur erakunde autonomo honen sorrera arautuko duen Foru Arauaren erakusketa publikoaren tramitea hasi dela. Erakunde honen sorrera Batzar Nagusiek onartu beharko dute uda ondoren. Lehen urrats honen ondoren, Aldundiak, aurten, bost udalekin adinekoen udal egoitzen traspasoa egiteko akordioak sinatuko ditu, Gizarte Zerbitzuen 18/2008 Legean ezarritako konpetentzia banaketan ezarritakoaren arabera. Kabia osatuko duten lehen egoitzak Villabona, Elgoibar, Zumaia, Lasarte-Oria eta Azkoitia izango dira, alkateekin adostutako 2013-2016 Arretarako Hobekuntza Planeko egutegian jaso bezala.

Bost egoitza hauetan 250 erabiltzaile eta 150 lanpostu inguru daude. Diputatuak lasaitasun mezua helarazi nahi izan die egoitza hauetako langileei: beren lanarekin jarraituko dutela ziurtatu die, bai eta Aldundiak oraingo lan baldintzak mantenduko dituela ere. Era berean, egoitzetan dauden pertsonei esan diete arreta eta zerbitzu bera jasotzen jarraituko dutela.

Foru arduradunak azpimarratu duenez, “Kabiaren sorrera urrats garrantzitsua da gure Lurraldean egiten ari garen gizarte zerbitzuen eredu aldaketarantz”. Rodriguezek gogorarazi duenez, “urte luzeetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak externalizazio eta azpikontratazioan oinarritutako zerbitzu publikoen kudeaketa eredua diseinatu du. Foru Gobernu honek, aldiz, gure zerbitzu publikoen kudeaketa publiko eta zuzena defendatzen du eta horretan sinisten dugu, bai eta gure konpetentzia diren ardurak Administrazioak guztiz bere gain hartzea ere. Horregatik, transformazio prozesu batean gaude eta horren barruan kokatzen da erakunde autonomo honen sorrera, gizarte zerbitzu mota guztien kudeaketa hartu ahal izango duena etorkizunean, horien artean adinekoen egoitzak, adin txikikoen zentroak, gizarteratzekoak, desgaitasunekoak, eta abar”. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!