Hasi da atzera kontaketa

Ainhoa Oiartzabal 2014ko uzt. 10a, 12:11
Jaien antolakuntzan herriko eragile askok hartu dute parte
Herritarrei jaietan parte hartzeko deia egin diete Villabonako festa batzordeko kide diren elkarteek eta, udalak

“(...) Ez da txorakeria garai hauetan era honetako jai luze eta parte-hartzaileei eustea”. Villabonako jai batzordeak egitarauaren agurrean idatzi duen esaldi horrekin laburbildu daitezke 2014ko Santio Jaiak. Aurten ere, festa luzeak izango batitira (uztailaren 24tik uztailaren 31ra), eta aurten ere, herritarrak protagonista izango dituen ekitaldi ugari izango baitira: herri afaria, danborrada, krossak, marrazki lehiaketak, herritarren argazkien proiekzioa,... Hori dena antolatzeak, aurten ere, hainbat herritarrei eskatu dien ahalegina. Behar Zana eta Zunbeltz elkartea, erretiratuen elkartea, Oinkari dantza taldea, Gazte Asanblada, Danena alterofilia taldea, Arratzain irristaketa taldea,... hainbat eta hainbat elkarteren lanarekin antolatu dira jaiak. Urte hasieratik hasita, hilean behin baino gehiagotan bildu dira udalarekin batera festak txukun prestatzeko.


Jon Ander Artolak eginiko irudia esku-programan

Behin guztia antolatuta, eta jai egunak iritsi bitartean, zer ekitaldi eta noiz izango diren jakinarazteko esku-programa prestatu dute, festak hasi bitartean, herritarrek beren planak egin ditzaten.
Beatriz Medrano herritarrak diseinatu du aurtengo jai egitaraua, eta egitarauaren azala, berriz, Jon Ander Artolarena da. Bere proposamena irten zen garaile azala erabakitzeko lehiaketara aurkeztu ziren 15 lanen artean. Nora Urbizu kultura zinegotziak atzo Villabonako Santio jaien aurkezpenean jakitera eman zuenez, datozen egunetan banatuko dute etxe guztietan jaien esku-programa.

Jaiak antolatzeko parte hartu duten eragile guztien lana azpimarratu zuen Urbizuk, “jendea ondo pasa dezan” beste jende askok lan asko egiten duela azpimarratuz. Eta ekonomiari dagokionez krisi garaiak izan arren oraingo hauek, modu parte hartzailean osatu dituzten jaien ereduaren alde egin zuen, eta, bide hori zabaltzeko asmoa agertu zuen.


Parte-hartzea zabaldu nahian

Hain zuzen, Joxean Cuberok Amasa-Villabonako kultura teknikariak aurreratu zuen hurrengo urteko Santio Jaiak antolatzeko beste bide batzuk zabaldu nahi dituztela: “Izan ere, festa batzordean urtero eragile berberek hartzen dute parte, eta zabaldu egin nahi dugu herritar gehiagorengana”. Batik bat, jende gaztea du buruan, eta kontzertuak-eta antolatzerako orduan zein musika talde ekarri proposatzeko moduak jarri nahi dituzte euren eskura. Esatera baterako, sare sozialen bidez.

Esku-programan bertan ere horretarako deia egiten die herritarrei Villabonako jai batzordeak: “(...) argi dago denon partetik jarri behar dugula, jaiak antolatzeko modu kolektibo, boluntario eta parte-hartzaile hau sekula ez galtzeko”. Aurtengoz behintzat, halakoxe jaiak antolatu dituzte Villabonan.


Nabarmendu beharrekoak

Hauek dira aurtengo Santio jaietan nabarmendu beharreko hainbat ohar.

  • Txupinazoa Xaje Joku Ekarteak botako du.
  • Urteroko rock kontzertua hilaren 24ean izango da. Zea Mays eta Izeberg musika taldeak etorriko dira.
  • Eresargi, Eresargi Txiki abesbatza & Umama taldeen emanaldia ikusi ahal izango da Santio Egunean.
  • Haurrentzako marrazki lehiaketa antolatu dute uztailaren 27rako.
  • Uztailaren 29an, atseden eguna izango da.
  • Jaien azken egunean, uztailaren 31n, jaietako hainbat ekitalditan herritarrek atera dituzten argazkien proiekzioa izango da Erreboteko plazan, lehen aldiz. Argazkiak atera ahala bidali daitezke, uztailaren 31 arte (14:00ak arte). Korreo elektroniko honetara: santioakirudietan@gmail.com edota whatsapp zenbaki honetara: 608750480.



Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!