Herritarren parte hartze araudia onartu dute osoko bilkuran

Maier Ugartemendia 2014ko uzt. 4a, 10:40

Araudiak udalaren «gardentasuna eta irekitasuna» bultzatzea du helburuetako bat

Asteazken iluntzeko ohiko bilkuran aho batez onartu zen herritarren parte hartzea arautzeko ordenantza. Herriko eragile sozial, kultural eta politikoek, alderdi politiko guztiek eta nahi zuen herritar orok parte hartu dute urtarrilean hasi eta asteazkeneko bilkuran amaitu zen prozesuan.

Osoko bilkuran Galder Azkue alkateak araudia osatzeko egin den parte hartze prozesuaren balorazioa egin zuen, eta bertan «arrakastatsua eta anitza» izan dela adierazi zuen. Horrez gain, oposizioko taldeei prozesuan adierazitako «jarrera positiboa» eskertu nahi izan zien. Izan ere, bere ustez «kolore politiko guztiek» parte hartzea gakoa izan da araudi honi «blindaje berezia» emateko.

Ordenantza «historikoa» dela azaldu zuen Azkuek, eta hortaz, «aurrekari garrantzitsua jartzea» espero du. Gainera, gatazkei «irteera demokratikoa» emateko baliagarria izatea espero dute.

Honegatik guztiagatik araudia erabiltzen hasi behar dela uste du Azkuek, eta oposizioari ere «lan tresna» bezala erabiltzeko gonbitea luzatu zien, «beraien lana egiteko».

Maria Luisa Arijak, PSEko zinegotziak, hitza hartu nahi izan zuen Azkueren azalpenen ostean. Arijak aipatu zuen araudia «berandu» datorrela, hasieran egin behar zelako, baina esan zuen aitortu behar dela «ongi» egina dagoela.

Aipatu bezala, araudia aho batez onartu zen, eta orain informazio aldi bat zabaldu da. Udaleko Iragarki Taulan eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean iragarkiak argitaratu dira, 30 egunez udalbatzak ebatziko dituen erreklamazioak eta iradokizunak aurkeztu ahal izateko. Erreklamaziorik ez balego, arautegia «behin-betiko» onartutzat joko dute.

Helburuak

Araudiak bere barnean biltzen ditu helburuak, parte hartzeari buruzko eskubideak, herritarren parte hartzerako prozesuak, organoak eta bitartekoak, eta informazioko arretako eta komunikazioko sistemak.

Azaldu bezala, proiektuak bi helburu nagusi ditu. Batetik «Amasa-Villabonako herritarren parte hartze demokratikoari bide ematea», eta bestetik, «udalaren gardentasuna eta irekitasuna bultzatzea». Era berean, araudi honekin udalak herritarrei «udalgintzan eta herrigintzan parte hartzeko aukeren eta jarraibideen berri» eman nahi die.

Halaber, udalak ordenantzan arautzen diren parte hartzeko eskubideak «bermatzen» direla ziurtatuko du, eta «oztopoak» gainditzeko neurriak hartuko ditu. Bestalde, sustapenerako beharrezkoak diren «baliabideak» ere jarriko ditu. Sare soziala «indartu» eta interes orokorreko ekimenak garatzeko ere, pertsonak elkarteetan eta taldeetan biltzea «sustatuko» du.

Udalak Amasaren herri izaera «berezia» ere kontuan izan du araudia osatzerakoan, eta Amasako herritarren «parte hartze bereziari» lekua egingo dio.

Konpromiso hauek hartuta, udalak espero du «demokrazioan sakontzen lagunduko duen parte hartze sistema sortu eta finkatzea». Horregatik, araudia bera diseinatzerakoan ere parte hartze «ekimen plurala» eraman du aurrera. Eta jarraipena egiteko taldean ere, «kolore ideologiko guztietako» herritarren parte hartzea sustatuko du udalak.

Herritarren eskubideak

Araudiak biltzen duenaren arabera, udal erroldan inskribatuta dagoen pertsona orok du «tokiko gai publikoen kudeaketan parte hartzeko eskubidea», eta eskubide hori «udal honen edo bere erakunde publiko eta sozietateen gai eta jardueren inguruko interes legitimoa duen pertsona orok» balia dezake.

Araudiak pertsona orok udal jarduera eta zerbitzuen inguruko informazio «zabal eta objektiboa» jasotzeko eskubidea duela ere zehazten du. Horregatik udalak informazio orokorreko bideak sortuko ditu, edonork egin ditzakeen informazio eskaerei erantzuteko; muga bakarrak pertsonen intimitaterako eskubideei lotutakoak izango dira.

Herritarrak informatuta izateko helburuarekin udalak hartutako «garrantzizko» erabakien laburpenak iragarki taulan eta udalaren webgunean argitaratuko ditu. Horrez gain, jada egun kaleratzen duen Amavi buletina argitaratzen jarraituko du udalarekin lotutako informazio «garrantzitsuena» herritarrei helarazteko. Halaber, udalak helbide elektronikoen zerrenda bat sortuko du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!