Banku etikoen filosofia aurkeztuko dute Subijanan

Maier Ugartemendia 2014ko uzt. 3a, 09:07

Fiare Banku Etikoko Kreditu Kooperatibak aurkezpena egingo du gaur, 19:00etan Subijana etxean

Fiare banku etikoa 2003an sortu zen, kooperatibako kide den Joxe Ramon Apalategik azaldutakoaren arabera «gizartean eragin zezaketen eragileak kredituak eskatzerako orduan mugatuak aurkitzen zirelako». Hortaz, «aurrezki arduratsua indartzeko» eta «finantzen benetako giza balorea berreskuratzeko» sortu zen. Eskualdean proiektua saretzeko aurkezpenak egiten ari dira, eta Amasa-Villabonakoa gaur bertan izango da, Subijana etxean, 19:00etan.

Banku etikoak «legeztatuak eta erregulatuak» daudela dio Apalategik, banku izaera dute. Horregatik, beste edozein banketxek eman ditzaketen «bermeak» eman ditzakete. Banku etikoen ezaugarrietako bat inbertsioen norabidea da. Izan ere, «gizartea berraldatzen duten zerbitzuetara» bideratzen dituzte euren inbertsioak, eta hori modu «garden» batean egiten dute: «jakina da inbertsioak zer proiekturi edo nori eman zaizkion». Gardentasuna antolamendura ere eramaten dute. Kapitalaren arabera gauzatzen den administrazio kontseilu bateko zuzendaritza izan dezakete edo kooperatiba izaera hartu dezakete. Bigarren hau da Fiarek hartutako funtzionamoldea. Apalategiren esanetan «eraketa demokratikoagoa du berezitasun».

Fiare hiri eta herrialdeetako batzordeez gain, «etika giza baliabideetara daraman batzordean» dago, eta batzorde honek inbertsioen aukeraketan du zeregin nagusia. Inbertsioak hainbat proiektutara bideratzen dituzte, baldintza beti ere «gizarte aldaketa edo berritzera» bideratzen diren proiektuak izatea da.

Joxe Ramon Apalategi. Fiare fundazioa

«Krisiak entitate finantzarioen jarrerak agerian utzi ditu».

Azken urteetan ekonomia arloan egondako eskandaluek, banku etikoenganako interesa piztu al du?

Bai, baina hor esan behar dut banku etikoena duela hamarkada askotik datorren fenomenoa dela. Mugimendu sozial askok sortu zuten, bere aurrezkiak jarrita zituzten entitate finantziarioek, beraiek aurka zeuden proiektuen finantzaketan zebiltzalako. Beste bide batzuei heldu behar izan zien fenomenoa da banku etikoena. Guk jendeari adierazi nahi diogu gure helburua ez dela banku konbentzionalak suntsitzea. Guk beste ekonomia bat, beste finantza egiteko modu bat eskaintzen dugu. Egia da krisiak entitate finantziarioen jarrerak agerian utzi dituela. Sorreran zuten finantza modua, gizarte zerbitzuei bideratutakoa izatetik, azken hamarkadatan benetako ekonomiatik urrun egotera pasa da. Injenieritza finantzarioan oinarritutako instrumentuen bidez, espekulazioa areagotu egin da. Gaur egun esaten da ia %90eko finantzia mugimenduak ez daudela benetako ekonomian oinarrituta, espekulazioan baizik. Gu eskaintzen ari garena beste ekonomia bat da, gizartera zuzendu nahi dugun finantzak ari gara lantzen. Finantza munduan askok adierazten digute ezintasuna, eta esaten diegu ezintasun hori gainditu behar dutela eta gure diruarekin zer egiten duten jakitea dela kezkatu behar gaituena. Gurekiko atxikimendua finantza egiteko beste modu batekin lotu nahi dugu, ez banku konbentzionalek baino interes hobeak edo kreditu merkeagoak eskaintzen ditugulako.

Villabonako aurkezpenean zer trasladatuko diozue bertaratzen direnei?

Dokumental baten laburpena azaltzen dugu. Banka tradizionalak egiten dituzten zenbait proiektu eta portaera ez zuzenen denuntzia jasotzen duena, eta era berean, banku etikoek eskaintzen duten bidea azaltzen duena. Gero pertsona eta entitateei aukera eskaintzen diegu, momentu honetan indartzen ari garen bazkidetza egiteko aukera, gure sarea indartzeko. Tolosaldean herri nagusienetan aurkezpenak egiten ari gara, bertako biztanleei aukera hau ezagutarazteko eta bazkide eta sare sozial hori indartzeko asmoz. Eta ahal bada herrian bertan batzorde bat osatu nahi dugu, modu demokratiko hori ahalik eta indartsuena izan dadin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!