Santiago egoitza berrituta 39 pertsonei eman ahalko dio zerbitzua orain

Maier Ugartemendia 2014ko eka. 20a, 16:01
Santiago egoitzan egindako berrikuntza lanak aurkeztu dituzte gaur Galde Azkue Amasa-Villabonako alkateak eta Ander Rodrigez gizarte politiketako diputatuak; egoilarrak "oso gustura" daude berrikuntzekin

Gizarte Politikako diputatu den Ander Rodrigez eta Amasa-Villabonako alkate den Galder Azkue Santiago adinekoen egoitzan izan dira gaur bertan egoitzan egindako berritze lanak ezagutzeko. Amasa-Villabonako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz Santiago egoitzan egindako berritze lanek "zerbitzua hobetzea eta zabaltzea" izan dute helburu.

Lanak 2009an hasi ziren eta aurten amaitu dira, eta hiru fase ezberdin izan dituzte. Guztira 1.500.000 euro inbertitu dituzte egoitza berritzen, eta kopuru horren %75 Foru Aldundiak ordaindu du eta %25 Amasa-Villabonako udalak.

Azken hamalau hilabeteetan, obren azken fasea egin da, egoitza araudia egokitze aldera. Batez ere gelak eta bainugelak egokitzen egin dute lan; eta adinekoen "irigarritasuna bermatzea" izan dute helburu. Lan hauei esker 7 plaza gehitu dituzte egoitzan, hortaz, guztira 39 pertsonei emango zaie zerbitzua egoitzan. Egun 32 dira beteta dauden plazak. Gainera, lau plaza ere eskaintzen ditu egoitzak eguneko egonaldietarako.

Fortunata Iturbe eta Juliana Etxezarreta egoilarrak ere izan dira Azkue eta Rodrigezekin eta egindako aldaketekin "gustura" eta "oso kontentu" daudela azaldu dute.

Kudeaketa Aldundiaren esku

2015etik aurrera Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gain hartuko du Santiago egoitzaren kudeaketa eta Rodrigezek azaldu du bi konpromiso hartu dituztela: "zaintzen kalitatea mantentzea" eta "langileen baldintzak bermatzea"

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!