Areto futbol txapelketan 19 talde ari dira parte hartzen

Maier Ugartemendia 2014ko eka. 6a, 08:30
Santioetako Areto Futbol Txapelketa uztailaren 24ean, festetan, amaitzen da finalarekin

Urtero jende asko biltzen da Villabonako plazan, Santioetako Areto Futbol Txapelketako partidak ikusteko, eta aurtengoan ere halaxe izaten ari da. Izan ere, aurten hemeretzi taldek eman dute izena, «iaz baino gehiagok» Julen Clarke Onddo Gazte Asanbladako kideak azaldu bezala. Gazte asanbladak antolakuntza berriro beregain hartu duen lehen urtea da, izan ere, ez da antolakuntza lanetan dabilen lehen aldia, baina azken urteetan «bi pertsonek» antolatzen zuten txapelketa. Pertsona hauek urte askotan aritu izan direnez, «testigua» eurei pasa diete Clarken esanetan.
Antolatzaile berriekin txapelketarako beste bi berrikuntza ere gehitu dituzte aurten. Batetik, Facebookeko orrialde bat sortu dute; bertan «informazio asko» gehitzen dute eta emaitzak ere txertatzen dituzte. Bestetik, arau berri bat gehitu dute: «taldeek Aiztondo bailarako jende gehiago izan behar dute, kanpokoak baino».
Txapelketa hau 80. hamarkadan sortu zela uste dute. Hala ere, datu konkreturik ez dutenez, «ikerketa txiki bat» egitea erabaki dute, «noiz hasi zen jakiteko».
Clarken esanetan, txapelketa honetako partidak jokatzen hasten direnean, herrian «festa giroa» sumatzen hasten da. Uda gertu dagoela ikusten da. Gainera, herrian «giroa» dagoela nabaritzen da, «jende gehiago» ibiltzen da.
Aipatu bezala, aurten taldeen izen ematea igo denez txapelketa bera ere lehenago hasi behar izan zuten, maiatzaren 5ean, hain zuzen ere. Amaitu, berriz, uztailaren 24an egingo da, Santio festetan. Festetako egunetan eskenatokia jarrita dagoela aprobetxatuz, hesiak jartzen dira eremua ixteko eta eskenatokian, berriz, sari banaketa egiten dute.
Txapelketako sistemari dagokionez, «bi talde» egin dira «bata bederatzi ekipotakoa eta beste hamarrekoa» eta «liga txiki» bat egiten dute talde bakoitzaren barruan daudenen artean. Ligaxkaren ondoren, final laurdenak jokatzen dituzte, eta azkenik, finala.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!