Aljibe Gauen bigarren emanaldia

Maier Ugartemendia 2014ko eka. 6a, 08:45
22:30etik aurrera Anartz Iturbe eta Esne Beltza Sound System ariko dira Aljibean

Aljibea berreskuratzeko asmoz, udala herriko eragile ezberdinekin elkarlanean, Aljibe Gauak ospatzen hasi zen otsailean. Gaur bigarren Aljibe Gauaz gozatzeko aukera izango da. Udalak Etxerat elkartearekin elkarlanean antolatu du Sound System gaua. Bertan izango dira Anartz Iturbe txiste kontalaria eta Esne Beltza Sound System osatzen duten Xabi Solano eta Zigor DZ. Saioa 22:30ean hasiko da eta sarrerak 5 euro balioko du. Gauean zehar barra zerbitzua ere egongo da.
Esan bezala, Anartz Iturbe billabonatarra ariko da txistekontalari. Duela urte batzuk ETBko Txiskola saioan parte hartu zuen, eta «denbora luze batean» utzita izan ostean, «iaz proposatu zidaten Ondarruko Mallabiri festibalerako saio bat prestatzea». Ordurako emanaldi bat prestatu zuen eta ordutik zenbait saio egin ditu. Txiste zaharrak «berreskuratzen» saiatzen da Iturbe, emanaldian «zaharrak eta berriak» nahasten ditu.
Herrian aritzeak ez du bereziki urduri jartzen Iturbe. Bertan izango den publikoaren zati batek behintzat txiste batzuk entzunak izango dituen arren, tarte on bat pasatzeko aukera izango dute. Gainera, herrian izanda «inguruko jende gehiago» joatea espero du.
Bere garaian herrian emanaldirik eskainiko ez zuela esan arren, proposamena egin ziotenean ez zuen «bi aldiz pentsatu». «Esfortzu txiki batekin presoei eta euren senideei bultzada txiki bat emateko» aukera bikaina baita. Iturberen ostean, Solanorekin batera ariko da Zigor DZ billabonatarra ere. Madrilerako bidaia baten harira sortu zen Esne Beltza eta Sound Systema lotzen dituen emanaldi hau. Bertan Reggae musikaren eta Esne Beltzaren kantuen arteko nahasketa izango da.
Sound Systema Jamaikako kaleetan sortutako mugimendu bat da. Zigorrek azaldu bezala «DJ bat auzoetara joaten zen kamioi batean, eta bertan zer musika egiten zuen erakusten zuen.
Auzoetara Sound System bidez iristen zen musika». Kasu honetan, emanaldia leku itxi batean egingo da, baina emanaldi mota horren «antza» duela dio Zigorrek. Zigor DZ DJ bezala platerekin ariko da lanean, eta Xabi Solanok trikitia eta gitarra eramango ditu. Gainera, Zigorrek azaldu bezala trikitiak Jamaikako teklatu baten antzeko soinua du; hortaz, soinu aldetik ere izango ditu antzekotasunak.
Gaurkoa formatu txikiko emanaldia izango da, «disfrutatzekoa eta gustura egotekoa». Jendeak ondo pasatzea espero du Zigorrek ere, eta euren kasuan «zerbait berezia» egiteko aukera aprobetxatuko dute, «oso noizbehinka» eskaintzen dutena egingo baitute gaur.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!