Villabonako Udalak akordioa lortu du Lantzen sozietatearen aurkako epaia saihesteko

Maier Ugartemendia 2014ko mai. 27a, 16:12
2004an sortu zen Villabona Lantzen S.A. sozietatea. 2009an Eguzki Eraikuntzak jarritako erreklamazio judiziala dela eta, miloi bat euro ordaintzera zigortu zuten Amasa-Villabonako udala. 2011tik egungo udal gobernua egoera kudeatzen aritu da, eta orain akordioa lortu du.

Amasa-Villabonako udalak, Villabona Lantzen S.A. sozietateak Eguzki Eraikuntzarekin zuen zorra bertan behera uzteko akordioa lortu du. Honen berri eman dute gaur Galder Azkue Amasa-Villabonako alkateak eta Esti Amenabarrok EH Bildu koalizioko arduradunak. Azkuek «harro» adierazi du: «Villabonako udalak azken sei urteetan izan duen itzalik, mamurik, handiena amaitu da». Zentzu honetan, gogor salatu dute aurreko udal gobernuak kudeaketarako zuen eredua.

2011an egungo udal gobernua osatu zutenean «arazo» batekin egin zuten topo. 2004ko martxoan Villabona Lantzen S.A. sozietatea eratu zen. «Villabonaren eta bertakoen mesederako, bizitegi-eraikinak, industria-eraikinak eta mota orotako zerbitzuetakoak kokatzera zuzendutako lurzorua sustatzea, antolatzea, urbanizatzea, erostea eta saltzea» zen besteak beste, helburuetako bat. 2004 eta 2008 bitartean Flemingo 30 etxebizitza babestu eta azpi-lurreko aparkalekuak egiteko hiru solairu «sustatzea eta eraikitzea» izan zen euren eginkizuna. 2006an etxebizitza hauek eraikitzeko lanak Eguzki Eraikuntzak S.L.ri esleitu zitzaion. Likidazio fasean, ordea, «ez ziren ados jarri». 2009ko otsailean Eguzki Eraikuntzakek erreklamazio judiziala jarri zuen Villabona Lantzenen aurka, eta 2010eko azaroan «auzi jartzailearen aldeko epai ez-irmoak miloi bat euro inguru ordaintzera behartu zuen» Villabona Lantzen. 2011ko urrian EAEko Auzitegi Nagusiak aurreko epaiaren alde egin zuen, irmoa bilakatuz. Azkuek epai hori «golpe handia» izan zela adierazi du gaur, eta epaitegiari ejekuzioaren «atzerapen bat» eskatu zioten, Villabona Lantzenek zituen higiezinak salduta zorra ordaintzen saiatzeko. Egoera ekonomikoa zela eta salmenta «gutxi» izan ziren.

2014ko urtarrilean, ordea,  Galder Azkuek, Villabona Lantzeneko egungo lehendakariak eta Eguzki Eraikuntzak enpresako lehiaketa administratzaileak 500.000 euro ordaintzea suposatzen duen akordioa lortu zuten. 350.000 euro udalak ordaindu behar izan ditu, Villabona Lantzenek ez zuelako dirurik «zorrari aurre egiteko». Negoziazioak «zailak» izan diren arren, «pozik eta harro» daudela azaldu du Azkuek.

Kudeaketa ereduen arteko talka

Amenabarrok, Azkueren eta taldearen «gestio egokia» zoriondu nahi izan du. Aldiz, gogor zuzendu da aurreko udal gobernua osatu zuten EAJ kideen aurka. Villabona Lantzenen sorrera zalantzan jarri du, horrelako egitura bat zertako behar den ez duela ulertzen azaldu du «dirua ezkutatzeko eta desbideratzeko» ez baita baliagarria. 

Gauzak honela, EAJko arduradunek «zer pentsa eduki beharko luketela» esan du, «are gehiago ardura politiko garrantzitsuak dituzten une honetan». Villabona Lantzenekin gertatutakoak bi udal taldeek kudeatzeko duten «bi ereduen arteko talka bat» erakusten dutela adierazi du. Amenabarroren esanetan EAJk planteatzen duen eredua «diru publikoa beste helburu batzuetara desbideratzekoa da, eta kasu honetan, enpresa pribatuak eta ezkutuko finantziazioak egiteko». Aldiz, EH Bilduk «pertsonetan oinarritutako eredua» defendatzen duela adierazi du. Aurrekontuak eta diru publikoa nola kudeatu «herritarren artean» erabaki behar dela nabarmendu du, eta dirua kudeatzeko ez dutela «bestelako interesak onesteko ezkutuko enpresa ilunik erabili behar».Izan ere, Azkuek ere errepikatu du «gaia iluntzen» duena Villabona Lantzen sozietatea «enpresa pribatu batek» kudeatzea dela.

Amenabarroren esanetan, Amasa-Villabonako EH Bilduk parte hartzean oinarritzen den kudeaketa eredua defenditu du orain arte, eta etorkizunean ere eredu bera defendatzen jarraituko du.

Hala ere,  oraingo afera hau «ondo» bukatu den arren, hasieratik Amasa-Villabonak Villabona Lantzenen «beharrik» ez zuela adierazi du Amenabarrok, eta hau kudeatzeko enpresa pribatu bat kontratatzeko beharrik ere ez zegoela adierazi du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!