«Beharrezkoa da arauak dituen sistema bat izatea familian»

Maier Ugartemendia 2014ko api. 30a, 18:27
Amasa-Villabonan urtero antolatzen dituzten gurasoen topaketak maiatzaren 5ean hasiko dira; Garbiñe Arrizabalagak haurren heziketako arlo garrantzitsuei buruz hitz egin du

Maiatzaren 5ean hasiko dira Amasa-Villabonako Gurasoen Topaketetako saioak udaletxean eta ekaineko bigarren astelehena bitarte iraungo dute. Baikara Gipuzkoako Ikasleen Gurasoen Federazioak emango ditu udalak antolatutako gurasoen arteko topaketako ikastaroak. Garbiñe Arrizabalaga (Donostia, 1957) da Baikarako formazio arloko arduraduna.

Zer dira gurasoen topaketak?

Topaketa hauetan bi ikastaro mota izaten dira. Bata, seme-alaben portaeren ingurukoa: nola egin errieta gure seme-alabei modu arrakastatsuan, limiteak, sariak eta zigorrak non jarri... Bestea, nerabezaroari bideratua dago, eta bertan teknologia berrien gaia eta nerabezaroan jarrera positiboak indartzeko estrategiak nola landu ikasten da.

Topaketa hauek antolatzen urte asko daramazue, arrakastatsuak izaten al dira?

Bai. Bi talde egiten dira bata euskarazkoa eta bestea gaztelaniazkoa, eta bi taldetan jende dezentek parte hartzen du. Parte hartzen duten gurasoek 2 urtetatik 16 urtera bitarteko haurrak dituzte.

Gurasoei euren haurren heziketarako oharrak ematen al dizkiezue?

Topaketetan gurasoek euren buruarengan duten segurtasuna lantzen saiatzen gara. Helburua seme-alaben heziketan seguru sentiaraziko dituzten trebetasunak lortzea da. Hori baita gurasoek bilatzen dutena.

Nola lor daiteke seme-alabei errieta modu arrakastatsu batean egitea?

Ez da erraza, baina lortu daiteke. Horretarako komunikazio teknikak eta gatazken ebazpenen dinamikak lantzen ditugu, ariketa eta dinamiken bitartez.

Limiteei, sariei eta zigorrei buruz ere hitz egingo duzue.

Guk diziplina induktiboa lantzen dugu. Horretarako beharrezkoa da familietan arauak dituen sistema sortzea. Seme-alabek limite hauek gainditzen badituzte ondorioa izango den zigorra jarri behar zaie. Sistema hau seme-alaben heziketa aurrera doan heinean aldatzen edo egokitzen joan daiteke. Diziplina induktiboak ez du zigorra erabiltzen portaera aldatzeko, zeren zigorra ez da portaera aldatzen duena. Baina, haurrak nolabait jakin behar du arau hauste bat egiten duenean horrek ondorioak izango dituela, araua betetzen duenean izango duen moduan. Honela bilatzen ditugun portaera egokiak izango ditugu. Hau da, haurrak arau hauste bat egiten duenean zigor arbitrario bat jarri beharrean, ondorio hori aurreikusia egongo litzateke arau hauste hori gertatu baino lehen. Horregatik, gomendatzen dugu arau haustea lehen aldiz gertatzen denean, zigorrik edo ondoriorik ez izatea. Baina, haurrarekin hitz egin beharko litzateke, jakinarazteko hurrena arau hauste hori gertatzen denean ondorioak izan ditzakeela; gainera, ondorioa adostu egin daiteke. Honela, haurrak badaki bere esku dagoela arau haustea egin edo ez, eta urraketa hori egiten badu horrek ondorioak izango dituela. Aldiz, portaera egoki bat izaten badu, horrek ere aitorpena izango duela jakin behar du.

Ondorio horiek haurrarekin adostea komeni al da?

Kasu batzuetan adostea komeni da eta beste batzuetan gurasoek duten autoritatearekin erabakiko dute zein izango den ondorioa.

Zer da haur baten heziketan gurasoek kontuan hartu behar luketena?

Lehenik eta behin, afektua; ezinezkoa baita afekturik gabe heztea. Bigarrena, sentimenduekin eta emozioarekin komunikatzea. Bestetik, garrantzitsua da gauza positiboak babestea; eta babesteak ez du saritzea esan nahi, baizik eta maitasunetik aitortzea eta horri balioa ematea. Haurren autonomia bultzatzea ere oso garrantzitsua da. Sistema normatibo batekin haurraren autoestimua bultzatzen da eta horrek bere autonomia bultzatzea eragiten du.

Ze gomendio emango zenieke gurasoei?

Niri ez zait batere gustatzen gomendioak ematea! Zuk gurasoen lekuan zer egingo zenukeen azaldu diezaiekezu. Edo lehen aipatu ditugun heziketarako oinarri horiek kontuan hartuta, garrantzitsuak diren zenbait kontu planteatu ditzakezu. Baina, ez dago formula magikorik! Izan ere, gomendioak emateko familia nukleo hori oso ongi ezagutu beharko genuke eta hori oso zaila da. Lehen esan bezala, autonomia lortze aldera aholkuak eman ditzakegu, baina hortik aurrera familia bakoitza izan beharko du bere prozesua landuko duena. Azkenean, helburua haurrek norbere burua maitatzea eta zoriontsu izatea da. Honela inguruan dituztenak ere zoriontsu egingo baitituzte. Eta horretarako zer behar dute? Bada ezinbestekoa da euren buruarekiko duten pertzepzio ona izatea, autoestimua izatea.

Zerbait gehitu nahi duzu?

Gurasoei horrelako tailerretan parte hartzeko gonbitea luzatuko nieke. Erabilgarriak izan daitezkeen jarduteko beste modu batzuk ezagutu daitezke tailer hauetan. Elkarrekin izan dituzten gertaerak edo esperientziak elkarbanatzen dituzte. Heziketa gai konplexua da eta aurrera begira izango duten jarrera definitzeko ezinbestekoa izango da. Bizitzako lehen urteetan gertatzen denak heldua izaten denean izango duen pertsonalitatea markatuko du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!