El Salvador, Sahara eta Venezuela, Elkartasun Asteko ardatzak

Tolosaldeko Ataria 2014ko mai. 2a, 10:00
Amasa-Villabonako Udalak Elkartasun Astea antolatu du lehenengoz, eta bertan, El Salvador, Sahara eta Venezuela izango dituzte hizpide.

Amasa-Villabona beti izan dela solidarioa nabarmendu du udalak gaur, Elkartasun Astearen aurkezpena egiterakoan, eta orain "pauso bat harago" eman nahi izan duela ekitaldi hauek antolatuta. "Hainbat izan dira herriak nazioartean burututako proiektuak, baina beste hainbat gatazka ere ezagutu ditu", gaineratu du.

Elkartasun Astea antolatzen duten lehen aldia da, eta hiru dira aukeratu dituzten herrialdeak: El Salvador, Sahara eta Venezuela. Batetik, herriko brigadistek Venezuelan burututako lana ezagutzeko aukera egongo da, eta bestetik, saharar herriko ordezkariak bertako egoera historikoa landuko du eta biziarteko zigorra ezarri zaion gazte batek horren ondorioak eta egungo egoera emango ditu ezagutzera. Era berean, Euskal Fondoa fundazioak bere lana aurkeztuko du eta horren barruan Amasa-Villabonak Aiztondoko herriekin batera duen proiektua aztertuko dute. "Beraz, aste honen helburua herritarrei nazioarteko lankidetzaz, senidetzeez eta internazionalismoari buruz informatzea eta sentsibilizatzea da", esan dute.



 
 

Egitaraua

  • Maiatzak 5, astelehena: Sahara kokapen historikoa Mohamed Fadel Beiruk 'Lih' Polisario Frontearen ordezkariaren hitzaldia, 19:00etan Gurean.
  • Maiatzak 6, asteartea: Zer da Euskal Fondoa? Zertan laguntzen du Amasa-Villabonako herriak? hitzaldia Juanma Balerdiren eskutik, 19:00etan Gurean.
  • Maiatzak 8, osteguna: Sahara, gaur egun Hassana Aalia biziarteko zigorra duen saharar ekintzaile gaztearen eskutik, 19:00etan Gurean.
  • Maiatzak 9, ostirala: Venezuela, iraultza Bolibariarra, lorpenak eta erronkak hitzaldia Venezuelan brigadista aritutako eta Askapenako kide den Xabat Laborderekin, 19:00etan Gurean.
  • Maiatzak 10, larunbata: Sahararren txokoa 17:00etatik aurrera Malkar plazan.
    17:00etan haimaren irekiera (tea, henna, arabiar idazkera, Saharako haur jolasak, bertako jantziak...)
    18:00etan Mohamed Fadel Beiruk Saharako ordezkariaren hitzaldia eta ondoren, sahararren egungo egoera azaltzen duten bideoen proiekzioa.
    22:30ean Sahara, isiltasunaren ahotsak antzezlana, Gurea antzokian, doan.
  • Hitzaldiak dauden egunetan Hodeien seme-alabak Saharari buruzko  erakusketa ikusi ahal izango da Gurea antzokiko erakusgelan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!