villabona.dok zikloak proposamen desberdinei ireki nahi dizkio ateak

Tolosaldeko Ataria 2014ko api. 30a, 10:45
Nora Urbizuk eta Joxean Cuberok aurkeztu dute zikloa, gaur.
Dokumental zikloa antolatu dute Villabonan, bigarrengoz, ohiko fikziozko filmez gain, "beste proposamen batzuei ere ateak zabaltzeko". Maiatzaren 12an hasi eta ekainaren 11n bukatuko da.

Iaz antolatu zuten Villabonan lehen aldiz villabona.dok zikloa, eta arrakasta ikusita bigarrengoz antolatzea erabaki dute. Nora Urbizu Kultura eta Euskara zinegotziak azaldu duenez, zikloa antolatu dute "konprometituta gaudelako askotariko zine programazioa eskaintzearekin. Alegia, ohiko fikziozko filmez gain, beste proposamen batzuei ere ateak zabaltzea".

Urbizuk gaineratu duenez, ez da ohiko horrelako ziklo bat Villabona bezalako herri batean antolatzea, eta hori da hain justu Beatriz Medrano herriko diseinatzaileak zikloaren kartelean islatu nahi izan duena, "gure kaleetan ezohikoa dena irudikatzen du tigreak".

Iaz 6 filma eskaini zituzten, denak film luzeak, eta aurten 10 emanaldi izango dira, eta 12 filma ikusiko dira: 10 film luze eta 2 film labur.

Filmetako gaiak askotarikoak izango direla argitu du Joxean Cubero Kultura Dinamizatzaileak, "eta era berean, garrantzia handia eman diogu Euskal Herrian egiten den zine dokumentalaren presentziari, 12 pelikuletatik 9 Euskal Herrikoak baitira".

Sarrerek 3 euro balio dute, eta bonoa ere jarriko dute salgai 20 euroren truke. Dena den, No More Tour  Fermin Muguruzak munduan zehar egingiko biraren inguruko dokumentala doan ikusi ahal izango da. Izan ere, filma Eusko Jaurlaritzak finantzatutako Filmazpit programaren barruan dago, eta programa horren baldintzetako bat da ezin dela sarrerarik kobratu.

 

 
 

villabona.dok

  • Noiz: maiatzaren 12tik ekainaren 11ra bitarte, astelehen eta asteazkenetan 21:00etan.
  • Non: Gurea antzokian.
  • Sarrerak: 3 euro. Bonoa ere jarriko dute salgai 20 euroren truke.

Filmak

  • Mariposas en el hierro: maiatzak 12. Solasaldia egingo dute filma eta gero Bertha Gaztelumendi zuzendariarekin. Hainbat indarkeria motaren biktima izan diren emakmeen testigantzak biltzen dira pelikulan.
  • La mujer y el agua: maiatzak 14. Munduko hainbat tokitan emakumea arduratzen da ura lortzeaz. Horregatik emakumea da familiaren osasunaren arduraduna eta oso goiz uzten du eskola, eta bera da baliabide falta gehien pairatzen duena.
  • Echevarriatik Etxeberriara: maiatzak 19. Indarkeriak ezker abertzalearen ingurumenean izan duen garrantzia aztertzen du filmak, Oiartzun herritik atera gabe.
  • Mar de arena: maiatzak 21. Sahararen kolonizazioaren historia gogoratzen dute, espainolak 1975. urtean atera zirenetik.
  • Euskal Herria: ezkutuko zorra: maiatzak 26. Gaur egun, kontsumitzen ditugun material gehienak oso urrutitik ekartzen dira. Kontsumitu eta ekoizten dugun produktu ugarik Hegoaldeko herrialde txirotuetan dute jatorria, bertan kutsatzea edo langileak baldintza prekarioetan kontratatzea errazagoa eta merkeagoa baita.
  • Egiaren hazia: maiatzak 26. Dokumental hau egiaren aldarrikapena da, Mendebaldeko Saharan pairatzen dituzten Giza Eskubideen urraketen froga. Pelikulak saharauien giza eskubideen urraketak aztertzen dituen ikerketa xehatua zinemara eramaten du, egia ikusgarri egiten du.
  • 827 km sin retorno: maiatzak 28. 1939. urteko uztailaren 25ean, Langileen Batailoiko 127 preso iritsi ziren Pirinioetara, errepide bat egieko. Cecilio Gallego Garcia, 24 urteko gazte extremadurarra, haietako bat zen, eta ihes egiten saiatu zenean hil zuten.
  • Lan gran desilusión: maiatzak 28. Angel, zinemako operadorea, bere lanbideari buruz mintzo da. Pixkana auzoetako zinema aretoak ixteak zer aldatuko duen adieraziko du.
  • El método Arrieta: ekainak 2. Arrieta ahizpek trastorno fisiko bera dute jaiotzatik, gorputzeko mugimenduak kontrolatzea eta hiz egitea galarazten diena. Lengoaia propioa sortu dute, hala ere, eta horren bidez, komunikatzen dira bere artean eta kanpoko munduarekin.
  • Món petit: ekainak 4. Albert eta Annak ez dute dirurik, gainera, Albert gurpildun aulki batean dago. Hala eta guztiz ere, Bartzelonatik Zeelanda Berriaraino bidaiatzea pentsatu dute.
  • No More Tour: ekainak 9. Fermin Muguruzaren No More Tour biraren dokumentala.
  • 160 metros: ekainak 11. 160 metro daude Bilboko itsasadarreko bi aldeen artean. 160 metro bizitza ikusteko bi modu desberdin bereizteko. Bi aldeetan, rocka egiten dute 80 eta 90eko desindustrializazioaren garai horietan, hiri berri bat eraikitzen ari zen bitartean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!