Tradizioa oinarri duen berrikuntza

Korrontzik eta Oinkarik 'Tradition 2.1' diskoaren aurkezpen emanaldia eskainiko dute bihar Villabonako kiroldegian; gonbidatu ugari izango dira bertan

2009an abiatu zen Oinkariren eta Korrontziren arteko harremana, eta egun Korrontziren kontzertu guztietan dantzariak presente izaten dira. Duela bost urte ekin zioten bide honekin jarraitzen dute eta euren lanaren erakusle izango da, bihar, larunbata, Villabonako kiroldegian eskainiko duten Tradition 2.1 disko berriaren aurkezpeneko emanaldia. Emanaldia benetan berezia izango da, izan ere, bertan Korrontziren diskoaren aurkezpen berezi bat egingo da, Korrontzi taldeko Agus Barandiaren hitzetan «esklusiboa» izango da, berriro errepikatuko ez dena, bertan gonbidatu berezi mordoa izango baitira.

Esan bezala, Oinkari eta Korrontziren arteko harremana 2009ko ekainean hasi zen. Orduan, Villabonako kultura zinegotzia zen Josean Moskeirak Korrontziren musika gustuko zuela gogoan du Barandiaranek eta atera berria zuten Getxo diskoa aurkezteko Villabonan kontzertu bat eskaintzeko deia egin zieten. Kontzertu horretan, herriko Oinkari dantza taldeari parte hartzea proposatu zien. Lehen emanaldi hura oso gogoan dute bai Korrontziko Agus Barandiaranek eta baita Oinkariko Eneko Arteagak ere. Biek «oso ondo» atera zela azpimarratu dute, eta Artegaren esanetan «harrituta eta oso gustura» gelditu ziren Korrontziko taldekideak. Hilabete batera, emanaldi bat zuten Korrontzikoek Mungian, eta ordurako beste dantza talde batekin emanaldia prestatua zuten arren, «azken momentuan huts egin zieten eta egunean bertan, goizean, deitu ziguten» kontatu du Arteagak. Dantzari guztiak mugitu zituzten eta bertan izan ziren Oinkarikoak. Ordutik aurrera harremana behin-betikoa izatera pasa zen, eta 80 kontzertutik gora eskaini dituzte elkarrekin. Dantzariek emanaldi guztietan parte hartzen dute, baita Kroazian edota Italian parte hartu izan dutenean ere. Dantzari kopurua da aldatzen dena, aurrekontuaren arabera, baina dantzariak beti taldearekin joaten dira.

Villabonako emanaldian hogeita hamar edo hogeita hamabost dantzari inguruk parte hartuko dute. Bertan, esan bezala, 2013ko azaroan Korrontzi taldeak aurkeztutako Tradition 2.1 diskoa aurkeztuko dute. Azken urteetan asko bidaiatu dute Korrontzikoek eta herrialde asko bisitatu dituzte, horregatik, oso disko «kosmopolita» atera zaiela uste du Barandiaranek. Diskoan ere herrialde askotako musikarien kolaborazioak izan dituzte, guztira hirurogei bat lagunenak. Eta Villabonako kontzertuan diskoan parte hartu duten zenbait kolaboratzailek parte hartuko dute zuzenean. Eresargi abesbatza, Alex Sardui, Garikoitz Mendizabal, Ibon Koteron, Dani Conde, Mikel Urdangarin eta Xabier Berasaluze Leturiak, hain zuzen ere. Euskal Herriko gonbidatuen ordezkariak izango dira batik-bat emanaldi honetan parte hartuko dutenak.

Oinkariz gain, bada Arteagaren ustez «berezia» izango den gonbidatu bat: Eresargi abesbatza. Istorio honetan Oinkarik parte hartzeaz gain herriko abesbatzak parte hartzea «oso garrantzitsua» da herriarentzat ere bere ustez.

Larunbatekoa emanaldi berezia izango bada ere, lehenago eskaini dituzten kontzertuetatik jendea «oso gustura» atera dela dio Barandiaranek. Madrilen, Getxon eta Asturiasen izango dira Korrontzikoak, Oinkarikoen laguntzarekin, Villabonara heldu aurretik. Emanaldi mordoa eskaintzen ari dira eta jaso dituzten kritikak «oso onak» izan direla eta gustura dago Barandiaran.

Dantza taldea eta musika taldea fusionaturik

Korrontziren musikaren oinarria trikitia da, «instrumentu printzipala». Agus Barandiaran bera trikitilaria da, eta berak dioen moduan «musika tradizionalaren mundutik» dator. Rufino Arrola izan zuen irakasle eta ordutik, trikitia «noranahi» ematen saiatzen da, «bai Euskal Herrian barna, eta baita Euskal Herritik kanpo ere». Trikitia da euren musikaren erritmoa markatzen duena, baina, betiere «ukitu txiki batzuk» ematen saiatzen dira. Eta Tradition 2.1 diskoan ere hori egiten saiatu dira, hortik tituluan egiten duten hitz jokoa: «Tradizioa mantentzen dugu, eta 2.1 software bertsio berri bat balitz bezala da». Helburu horrekin gonbidatu dituzte hainbat musikari ere. Diskoan, Ricardo Tessi italiar akordeonista arin-arin baten gainean jotzen entzun daiteke, esate baterako. Belarrian «oso arraroa» egiten den zerbait dela azpimarratu du Barandiaranek. Edonola ere, Euskal Herriko musika tradizionala, munduan zehar ezagutu dituzten musikarien ikuspuntutik trasladatu diote entzuleari.

Agus Barandiaran eta Eneko Arteaga ados daude bi taldeen helburuek bat egiten dutela esaterakoan. Korrontzikoak musika tradizionala oinarritzat hartuta, lehengoa galdu gabe, «gauza berriak probatzen» saiatzen dira. Oinkariren kasuan ere, dantza tradizionalak mantentzen dituzte, baina, betiere gauza berriak egiten saiatzen dira: «Koreografia berriak egiten, pauso berriak barneratzen...». Arteagaren ustez «Korrontzi taldeak Oinkarirengan ikusi zuen beraiek musikarekiko zuten kontzeptua, guk dantzan mantentzen genuela» eta horrek elkarren arteko uztarketa «erraza» izatea eragin duela azpimarratu du. Barandiaren esanetan ere, helburu bateratu horiek izateak elkarlanean lan egitea «oso erraza» egin dute.

Villabonako emanaldirako ere elkarlan hau beharrezkoa izan da. Dantzaldia baino, kontzertu bat izango dela zehaztu du Arteagak. Abestien artean ez dago loturarik eta «oso erraza» egin omen zitzaien emanaldi hau prestatzea. Koreografia sortzerakoan abestiak transmititzen dietenean oinarritzen dira. Biharko emanaldirako dantza garaikidearekin ere «ausartu» dira, gainera. Egun dantzak Kukai dantza taldekoen laguntzaz prestatzen dituzte: «Beraiek koreografiak sortzen dituzte eta beraiekin prestatzen ditugu dantzak».

Ezustekoa

Tradizionalak diren instrumentuetatik eta dantza pausoetatik abiatzen dira Korrontzikoak eta Oinkarikoak. Horregatik, ikusleek trikitia eta alboan dantzariak ikusten dituztenean «zerbait oso tradizionala espero dute», eta Barandiaranek batzuetan euren kontzertuek tradizional puntu hori badaukatela onartu arren, beste batzuetan ikusleak inondik inora espero ez duen emanaldi bat aurkitzen du kontzertuan. Gauza berritzaileak sortzeak ikuslearengan «ezustekoa» sortzen duela azpimarratu du.

Euskal Herritik kanpoko kontzertuetan, berriz, Korrontziren kontzertuek jakin-mina sortzen dute batez ere: «Galderak asko izaten dira». Azken finean, kanpora joaten direnean «musika, hizkuntza eta dantza» ematen dituzte. Hortaz, euskal kulturaren inguruko galderak izaten dira nagusi.

Edonola ere, kontzertu guztietan dantzarako erritmoak jotzen saiatzen dira Korrontzikoak, «jendea dantzan jartzea eta ondo pasatzea» dute helburu. Horretarako kontzertu «alai» bat eskaintzen dute.

Dantzarien kasuan ere, emanaldi mota hauek «emozio eta giro desberdina» sortzen dituztela zehazten du Arteagak. Gainera, Villabonako kontzertuan bezala, maila handiko gonbidatuek parte hartzen dutenean, «errespetua eragiten» omen du, «oso profesionalak» baitira eta hori dantzariengan asko nabaritzen da.

Villabonako emanaldia

Esan bezala, bihar Villabonan eskainiko duten emanaldia oso berezia izango da, zeren Korrontzi eta Oinkari berriro elkarrekin ikusteko aukera izango den arren, gonbidatu guztien parte hartzea barnebiltzen duen kontzertua ez da errepikatuko eta herritar guztiak emanaldia ikustera «animatzen» dituzte. Oraindik sarrerak eskuratu ez dituenak, horretarako aukera izango du bihar goizean zehar, Amasa Kafetegian eta 17:00etatik aurrera kiroldegian bertan.

Aurrera begira, Oinkari eta Korrontziren arteko elkarlanak martxan jarraituko duela uste du Arteagak: «Hau hasi besterik ez da egin». Orain arte elkarlan honetan hainbat urrats eman dituzte, horien artean Korrontzi eta Igor Yebrarekin batera prestatutako ikuskizuna. Eta aurrera begira ere, hurrengo urterako «zerbait indartsua» prestatzen ari dira, eta Korrontzi eta Oinkariz gain hirugarren partaide «berezi» bat ere izango da.

 

Emanaldia

KORRONTZI & OINKARI, 'TRADITION 2.1' DISKO BERRIAREN AURKEZPENA

Gonbidatu bereziak: Eresargi abesbatza, Alex Sardui, Garikoitz Mendizabal, Ibon Koteron, Dani Conde, Mikel Urdangarin eta Xabier Berasaluze Leturia.

Tokia: Villabonako Olaederra kiroldegia.

Eguna: Apirilak 12, larunbata.

Ordua: 22:30.

Prezioa: 10 euro.

Sarrerak salgai: Villabonako Amasa kafetegian, eta egunean bertan, 17:00etatik aurrera kiroldegian.

Tolosaldeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jasotzea nahi duzu?

Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!