Juan Mari Iparragirre, Eresargi abesbatzako zuzendaria: «Epe motzean arazo bilakatu daiteke jende falta»

Maier Ugartemendia 2014ko api. 11a, 12:20

Villabonako Eresargi abesbatzak Aste Santuetako emanaldia eskainiko du igande honetan, 12:30ean Villabonako elizan. Juan Mari Iparragirre zuzendariak urtero eskaintzen duten emanaldi hau eta abesbatza bera primeran ezagutzen ditu, 1986an sortu zenetik baita Eresargi abesbatzako zuzendaria.

Igandeko Villabonako emanaldian zer eskainiko duzue?
Igandean ordubete inguruko kontzertua eskainiko dugu. Kontzertu sakroa da, musika erlijiosoa oinarri duena. Garaiko abestiak eta Aste Santuetakoak entzun ahal izango dira eta abesti espiritualak ere izango dira. Denera hamar bat obra kantatuko ditugu eta gero Eresargi txikiak beste hiru obra kantatuko ditu.

Kontzertu berezia da?
Guk urtean zehar Eguberrietako, Aste Santuetako eta Santioetako kontzertuak eskaintzen ditugu Igandeko emanaldirako bereziki prestatutako abestiak izango dira.


Hala ere, hau ez da asteburuan eskainiko duzuen emanaldi bakarra, ezta?
Larunbatean, 22:30ean, Korrontzik emanaldi bat eskainiko du eta gu parte hartzera gonbidatu gaituzte. Abesti batean kantatuko dugu Mikel Urdangarinekin, Panderotxoa abestia, hain zuzen ere.


Egun ze egoera bizi dute abesbatzek?
Gu egun hogeita zazpi pertsona gaude abesbatzan. Hortik igotzea kosta egiten zaigu. jendea ez da animatzen. Baina, nik uste arazo hori orokorra dela. Euskal Herri guztian abesbatzak beheraka egin dute. Ez dakit zer pasatzen den, baina, abesbatza modalitatean kantatzeko ohitura gutxitzen joan da. Hau epe motzean arazoa izango da. Ez bada jende gehiago sartzen pixkanaka desagertzen joan daitekeelako.


Eta zer egin daiteke jendea abesbatzetan parte hartzera animatzeko?
Ez dakit. Nik uste eskola gehiago behar dela umetan. Leku guztietan umeen abesbatza gehiago sortu beharko lirateke. Kantatzen umetatik erakutsi behar zaie, eskolan edo ez dakit non. Zeren musika eskolan bakarrik kantatzea oso mugatua gelditzen da. Eta etxeetan 40 urteko gurasoek ez dute behin ere abestu, eta ez etxeetan eta ez inon , ez da lehen bezala abesten. Beraz, esan liteke kultura hori gazteek ez dutela ezagutzen. Bazkari bat egin eta ez dute abesten, esate baterako.


Aldiz, lehen oso ohikoa zen?
Hori zen normalena! Guk ohitura genuen, leku guztietan abesten genuen. Eta orain ezer ez.


Zuek behintzat Eresargi txikirekin jarraipena baduzue...
Bai orain bai. Gero ikusi behar da zer gertatzen den. Hamahiru urte ingururekin hasten dira abesten, baina, gero ikasketak direla medio uzten joaten dira. Egokiena umeei erakutsi eta gazte abesbatzak sortzea lizateke. Horretarako zuzendariak behar dira prest egongo direnak erakusteko, lana egiteko... Eta egun, nahiz eta, gazte askok musika ikasi, lana egin behar dute, dirua irabazi egin behar dute bizitzeko. Eta azkenean, gure moduan entsegura joan eta ezer ez kobratzeko ez da erraza. Hortaz, zuzendari falta bat dago, gazteekin inplikatuko dena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!