Villabonako udalbatza Espainiako bandera jartzeko aginduaren kontra azaldu da

Ataria 2014ko apirilaren 5a

Villabonako Udaleko EH Bildu eta EAJ alderdiek mozio bat adostu dute Espainiako bandera jartzearen kontra azaltzeko. Gaur goizean egin dute ez ohiko osoko bilkura eta aho batez onartu dute. PSE-EEko ordezkaria ez da azaldu. Ez ohiko osoko bilkura eta gero, ikurrinaren aldeko ekitaldia egin dute herriko plazan.

Villabonako Udaleko alderdi abertzaleek esan dutenez, "gureak ez diren ikurren kontrako mozioa" da onartu dutena.

Apirilaren 14rako datarekin iritsi zaie Espainiako bandera jartzeko agindua. "Espainiako bandera jartzera behartu gaituzte, herritarren borondatearen kontra", esan dute. "Herritarrek aukeratzen dituzte beraienak diren ikurrak, besteak inposaketaren ikurrak dira", esan dute.

Bukatzeko nabarmendu dute Villabonan inposaketaren bidetik bakarrik ikusiko dutela Espainiako bandera. Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariari ere mezua bidali diote: "Bandera kentzeko eguna ere iritsiko da".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!