Gutunarena literatur genero ezezaguna da. Aiztondoko Zerbitzuen Mankomunitateko kultur dinamizazio arloak Aiztondoko VII. Gutun Lehiaketa antolatzea erabaki du «sentimenduak komunikatzea sustatzeko» eta genero horren «aberastasuna berreskuratzeko».
Gutunak idazteko zaletasuna edo nahia duen pertsona orok parte hartu dezake lehiaketan, kategoria desberdinetan bananduta. A mailan 6-8 urtekoen lanak bilduko dira, B mailan 9-11 urtekoenak, D mailan 12-16 urtekoenak eta E mailan 17 urtetik gorakoenak.
Gutunak idazteko «erbestera noa» gaia hartu beharko da oinarri eta parte hartzaile bakoitzak bi lan aurkeztu ditzake. Gutunak bi orri izango ditu gehienez, alde batetik bakarrik idatziak. Lan guztiak jatorrizkoak, argitaragabeak eta euskaraz idatziak izan beharko dute.
Posta arruntez bidaltzeko egilearen datuak (izen-abizenak, adina, telefonoa eta helbidea) kartazal txiki batean sartu behar dira. Ondoren kartazal txikian izenorde bat jarri eta gutuna kartazal handiago batean sartu eta bidali beharko da. Posta elektronikoz bidaltzeko, berriz, gutuna fitxategi batean bidali beharko da «izen ordekoaren» izenarekin eta egilearen datuak «egilea» izena duen fitxategi batean bidali beharko dira.
Gutunak Aiztondoko Zerbitzuen Mankomunitateko Bulegoetara bidali beharko dira posta arruntez eta aiztondokogutunak@gmail.com helbidera posta elektronikoz. Hala ere, zalantzaren bat izanez gero 943 69 39 30 telefonora deitu daiteke. Gutunak bidaltzeko azken eguna hilaren 30a izango da.
Sari bikainak
Gutun guztiak jaso ostean, epaimahai batek erabakiko du maila bakoitzean zein izango den gutun irabazlea. Maila bakoitzean bi sari emango dituzte. A mailan lehenak eta bigarrenak diploma eta oparia jasoko dituzte. B mailan ere lehenengoarentzat eta bigarrenarentzat sari bera izango da. D mailan lehenak diploma eta 150 euro jasoko ditu eta bigarrenak diploma eta 50 euro. E mailan, berriz, lehenak diploma eta 250 eurotako saria jasoko du, bigarrenak diploma eta 150 eurotako saria. Gainera, sari berezi bat egongo da Aduna, Alkiza eta Larraulgo herrietako idazlerik hoberenarentzat; bi pertsonentzako afaria, hain zuzen ere.
Irabazleen sariak ekainaren 13an banatuko dira, 18:00etan Adunako kultur aretoan. Ekitaldi horretan saritutako lanak bertan irakurriko dira. Saritutako lanak Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitatearen esku gelditu eta kultura ondarera batuko dira eta egoki ikusiz gero argitaratu ahal izango ditu. Nahiz eta jabego eskubidea ez duen izango. Sarituak izan ez diren lanak ekainaren 20tik 27ra jaso ahal izango dituzte egileek.