Parisera joateko aukera izango da Oria Merkatari Elkarteko dendarien eskutik

Maier Ugartemendia 2014ko apirilaren 2a

Maiatzaren 24ra arte txartelak banatuko dituzte erosketak egiten dituzten bezeroen artean.

Villabonako Oria Merkatarien elkarteak, hirugarren urtez Erosi hemen eta joan zaitez Parisera kanpaina jarri du martxan. Atzo Villabonako Berdura plazan eskainitako prentsaurreko batean eman zioten hasiera kanpaina honi. Ekimen honekin merkatarien elkarteko saltoki bazkideek Parisera joateko asteburuko bidaia oparituko dute eta 150 euro ere emango dizkiote irabazleari, bidaian suerta daitezkeen gastuak ordaintzeko.

Aitziber Cenzanok merkatarien izenean azaldu bezala, kanpaina honekin bezeroen artean opari bat zozketatu nahi izan dute, herriko komertzioarekiko duten «fideltasuna eta konpromisoa eskertu eta saritzeko». Era berean, «erosketak herrian» egiteak duen garrantzia azpimarratu nahi izan zuten. Bizilagunik eta bezerorik gabe «ezin ginateke bizi» adierazi zuen Cenzanok.

Zozketa maiatzaren 27an

Atzotik hasita bezeroek Villabonako merkatarien elkarteko saltokietan egiten dituzten erosketengatik txartel bat jasoko dute. Txartelean izena eta abizenak eta telefono zenbaki bat jarri beharko dute. Dendarien esanetan «oso garrantzitsua» da eskatzen diren datu horiek ondo betetzea, zozketa egitean irabazlearekin harremanetan jartzeko. Datuak bete ondoren, txarteltxoak denda bakoitzean prest egongo diren kaxatxoetan sartu beharko dira.

Maiatzaren 24a, larunbata, izango da erosketak egin eta txarteltxoa eskuratzeko azken eguna. Opariaren zozketa, berriz, maiatzaren 27an, asteartean, egingo da, Berdura plazan, 13:30ean. Zozketa egindakoan irabazleari deituko diote berria emateko.

Bestalde, bezero guztiei jakinarazi nahi izan diete kanpainaren arauak saltoki bazkidetu guztietan izango direla eskuragai, kanpainaren «nondik norakoak» kontsultatu nahi dituzten guztientzat.

Honegatik guztiagatik, herritar guztiak erosketak «Villabonako Oria Merkatarien elkarteko saltokietan» egitera animatu nahi izan zituzten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!