Ia 1.500 mendizale Aizkardiren ibilbidean

Ataria 2014ko apirilaren 1a

Villabonako mendi elkartea "oso gustura" agertu da igandeko hitzorduarekin eta parte hartzearekin.

Urtetik urtera gero eta mendizale gehiago elkartzen dira Aizkardiren ibilbidean. Aurten, 46. edizioa zen, eta antolatzaileak «oso gustura» agertu dira igandekoarekin. Parte hartzaileen aldetik ere antzeko hitzak jaso dituztela esan dute Aizkardi Mendi Elkarteko kideek.

Igandean Villabonara gerturatu ziren mendizaleek bi aukera zituzten: ibilbide luzea eta motza. Lehenengoan 639 lagunek hartu zuten irteera, eta bigarrengoan, 823k. Azken urteetan parte hartzea goraka doala esan dute Aizkarditik, nahiz eta aldaketak dauden bilakaera horretan: «Normalean mila partaide ingururen bueltan ibiltzen ginen. 14 Orduak tokatzen ziren urteetan, nabarmen igotzen zen parte hartzea, baina lehengo urtean 1.200 mendizale inguru etorri ziren, eta ez zegoen 14 Ordurik. Aurten ere ez da proba hori egongo, baina hala eta guztiz ere, ia 1.500 lagun irten dira Aizkardi Ibilbidean».

 

Ibilbide luzea 43 kilometrokoa da, eta motza 24koa. Normalean, jende gehienak luzean parte hartzen zuen, baina kasu honetan ere ohiturak aldatzen doaz. «Iaz izan zen motzak luzeari irabazi zion lehen aldia. Ordura arte mendizaleek luzea egiten zuten gehienbat. Aurten, ordea, zenbakiak hor daude. Ia 200 lagunen inguruko aldea egon da motzetik luzera, eta hori ezohikoa zen orain arte».

Ibilbidean zehar mendizaleek ez zuten inolako arazo larririk izan, eta bihurrituren bat aparte, mendizaleak osorik itzuli ziren etxera. Osorik eta gustura, izan ere antolatzaileek iritzi hori jaso zuten parte hartzaileen eskutik. Eguraldia ere lagun izan zuten, eta ondorioz, mendi martxak osasuntsu burutu zuen bere 46. edizioa.

Igandeko probako itzuli luzea Euskal Herriko zirkuituaren barruan sartzen zen. Ez da lasterketa, beraz, ez dago sailkapenik; garrantzitsuena itzulia amaitzea da, eta ondoren, beste lurraldeetan egiten diren iraupen luzeko ibilbideekin batera, puntuak gehitzen joaten dira mendizaleak.

Gauzak horrela, Villabonako mendi taldea jadanik hasi da 47. ibilbidea prestatzen, aurtengo aho zapore onaren laguntzarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!