Berrogeita sei urte eskualdeko mendi tontorrak zeharkatzen

Maier Ugartemendia 2014ko mar. 26a, 09:45
Mendizale asko biltzen ditu jada erabat finkatuta dagoen Aizkardiko mendi ibilaldiak
Igandeko Aizkardi mendi elkartearen ibilaldian bi ibilbide egiteko aukera izango da; bata luzea eta bestea, motza

Eskualdeko mendizaleek Villabonako Aizkardi mendi elkarteak antolatutako 46. ibilaldia egiteko aukera izango dute hilaren 30ean, igandean. Bertan parte hartzen duten mendizaleek «ibilbide herrikoiaz» gozatzeko aukera izango dute antolatzaileen esanetan. Kirola eta kultura batu nahi dituzte antolatzaileek eta «mendizaletasuna bultzatzea eta Villabona inguruko leku eta ibilbideak erakustea» dituzte helburu; beti ere, «natura errespetatuz».

Urtero bezala, parte hartzaileek bi ibilbide izango dituzte aukeratzeko; bata motza, 24 kilometrotakoa, eta bestea luzea, 43 kilometrotakoa. Azken hori, gainera, XIII. Euskal Herriko iraupen luzeko ibilaldien zirkuiturako puntuagarria izango da. Ibilbide luzean parte hartzeko 14 urte beteak izatea derrigorrezkoa da.

Bi ibilbideak Villabonatik abiatuko dira. Luzea egin behar dutenak 06:30erako egon beharko dute bertan eta 10 ordu inguru beharko dituzte, 2.400 metrotako desnibela duen ibilbidea osatzeko.Horretarako, Villabonatik abiatu eta Lapurtxulo, Onddo (780 m), Azketa (832 m), Leuneta (880 m), Abadekurutz (984 m), Mandoegi (1.045 m), Kondizatzeko lepoa, Leitzaran, Gorosmendi, Mugaga, Urdelar (858 m), Belabieta, Meaka eta Otsabi zeharkatuko dituzte, berriz ere abiapuntura iritsi aurretik.

Ibilbide motzari dagokionez, Otita (Leitzaran), Lapurtxulo, Astabizkar (575 m), Amasola (Leitzaran), Praxku, Kanal Haundia, Oinddolar (425 m) eta Arlagats igaroko dituzte Villabonara iritsi aurretik. Ibilbide hau egiteko 08:00etan abiatuko dira oinezkoak eta 6 ordu inguru beharko dituzte 1.200 metroko desnibela duen ibilaldia osatzeko.

Izen emateari dagokionez, doakoa da eta hilaren 28ra arte eman ahal izango da, www.zirkuitua.com webgunean, Aizkardi Mendi Elkartearen lokalean, ostegunean 20:00etatik 22:00etara edo ibilaldiaren egunean bertan. Hala ere, antolatzaileek eskertuko lukete izena lehenago ematea. Behar diren datuak honakoak dira: federazioko lizentzia zenbakia, EHNA edo NANa; izena eta bi abizenak; hautatutako ibilbidea; federatua zauden ala ez esatea eta hala bada, klubaren izena.

Irteera ere izen ematearen hurrenkeraren araberako zenbakiarekin egingo da. Era mailakatuan emango da irteera, eta gutxi gorabehera minutuko 50 oinezko aterako dira.

Gainera, gaua Villabonan bertan pasa nahi duenak, horretarako aukera ere izango du. Elkarteak lokal bat prestatuko baitu koltxoiekin horretarako. Hala ere, zerbitzu hau erabili nahi izanez gero antolatzaileei lehenago jakinarazi beharko zaie. Kontsigna zerbitzua ere izango da arropadun poltsa bat bertan uzteko.

Bestalde, zeharkaldia bukatzean, parte hartzaileek Olaederra kiroldegian dutxa bat hartzeko aukera ere izango dute.

Antolatzaileek Aizkardikoa mendi lasterketa ez denez, ibilaldia oinez egitea eskatu dute.

Informazio gehiago nahi duenak, 649 717 182 telefonora dei dezake lanegunetan 20:00etatik 22:00etara edo ibilaldia@aizkardi.com helbide elektonikora idatz dezake, eta bertan jasoko du beharrezko informazio guztia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!