Mikel Pagadi: "Eguneroko gaiak hartu eta astindu bat ematen diegu"

Imanol Garcia Landa 2014ko mar. 21a, 16:54
Mikel Pagadi gidoilari eta umorista billabonatarrak, Nagore Aranbururekin eta Egoitz Lasarekin batera, 'Potologuak' ikuskizuna eskaini du Villabonako Gurea aretoan. Estreinatu berri dute obra eta gustura daude izaten ari den erantzunarekin.

Zer moduz doaz prestaketak?
Otsailean Elgetan estreinatu genuen eta gero beste bi saio egin genituen Zarautzen, eta oso harrera ona izan du, oso kontentu gaude. Idazten eta entseguak egiten nahiko denbora aritu gara, eta negua izanik, gripeak eta pneumoniak tarteko, baina oso kontentu.

Estreinaldia Villabonan bertan egitekoak zineten.
Bai, hasieran Villabonan pentsatzen genuen egitea estreinaldia, baina gaixotasunak zirela-eta, eta batzuek haurrak dituztelako eta beste batek lan arazoak izan zituelako, ezin izan genuen estreinatu, eta arantza hori sartuta dugu. Gogo handiarekin goaz Villabonara.

Zuretzat presio handiagoa da herrian bertan saioa egitea?
Beti izaten da ardura handia, baina Villabonan familiakoak eta lagunak joaten dira, eta niretzako presio gehiago izaten da. Etxekoak normalean kritikoagoak izaten dira.

Gertukoek barre egiten badute, funtzionatzen duen seinale, ezta?
Zailagoa izaten da, normalean ohituago baitaude ni egunero ikusten. Barre egiten dute, aurrekoan barre asko egin zuten eta horrek lasaitasun handia eman zidan. Esan zidaten obran sartu zirela eta nitaz ahaztu zirela eta eskertzen diet.

Villabonan bi saio egin behar dituzue. Zergatik?
Batzuetan pentsatzen dugu antzokia ez bada oso handia, edo aurreko obra egin genuenean, Bodologuak, bi saio bete zirela, pentsatzen dugu jendea azalduko dela eta badaezpada ere bi saioa egingo ditugu. Ilusio handiarekin gaude, etxean jokatzen dugu, Realak bezala, beno, batez ere nire kasuan, beste biak ez baitira billabonatarrak.

Bodologuak obraren jarraipena dela esan daiteke Potologuak?
Jarraipena da formatuz, bakarrizketak eta hiruren arteko egoerak ematen direlako, baina bestela ez du zerikusirik aurrekoarekin. Zerikusia du hirurak berdinak garelako eta hirurek idatzi eta antzezten dugulako, baina independenteki ikusi daitezke: Bodologuak ikusi ez duenak Potologuak ikusi dezake inongo beldurrik gabe.

Aurrekotik «mejoratuta» zatoztela diozue.
Hori da arropak probatzen hasi ginenean azkeneko botoia ezin itxi ibili ginela, eta «mejoratuta» gatoz alde horretatik. Nik uste dut ikuskizuna ere hobeagoa dela, gauza asko zainduagoak daudelako. Hiruron arteko elkarrizketak eta ezustekoren bat ere izango delako.

Zer dela-eta jarri diozue Potologuak izena?
Hitz jokoarekin jarraitu nahi genuen, eta nola estilo berdineko ikuskizunak diren, ba aurretik nolabait marka bat jarri genuen eta hortik ez urruntzeko asmoa genuen.

Aurreko ikuskizunarekin 50 saio egin zenituzten. Beraz, eskarmentu handia duzue.
Oso kontentu geratu ginen, harrera ona izan zuen, eta etorri zirenak behintzat barre egin zuten. Gu harrituta geunden, lehenengo aldia zen hirurok batzen ginela horrelako ikuskizun bat egiteko. Urte asko daramatzagu lanean elkarrekin, baina ez genuen sekula egin hirurok batera antzoki batean ikuskizuna. Nahiko esperientzia ona izan zen, oso ondo pasatu genuen, eta horrekin jarraitzea pentsatu genuen. Beste denboraldi bat, beste ikuskizun batekin.

Zertaz doa ikuskizun berria?
Eguneroko kontuez doa. Gai ezberdinak daude, bakoitzak bere ikuspuntutik hartuta. Egoitzek hitz egingo du hirugarren semea izatearen inguruan, Nagorek hitz egingo du klinikako esperientziaz eta nola bihurtzen den pertsona bat semea edo alaba izatetik aita edo ama izatera, eta nik euskal tabernez hitz egingo dut. Eguneroko gaiak hartu eta astindu bat ematen diogu.

Formatua bakarrizketena da, baina hirurok batera ere ariko zarete, ezta?
Bakoitzak pare bat bakarrizketak egiten ditugu. Gero beste une batzuk daude hirurok batera gaudela, eta bakarrizketa hirunaka egiten bukatzen dugu. Formatu originala iruditzen zitzaigun eta jendeari asko gustatu zitzaion Zarautzen.

Azkenaldi honetan bakarrizketen formatuak arrakasta izaten ari da. Zergatik dela uste duzu hori?
Aurrena formatu txikiak direlako, eta oso praktikoa da edozein antzokitan egiteko. Estatu Batuetan denbora asko daramatzate horrekin eta oso ondo egokitzen da denboraldiko gaietara, momentuan boladan dauden gaiei buruz hitz egin dezakezu. Jendeari atsegina egiten zaio ikusteko, ez dio exijitzen arreta handirik jartzea.

Hiru aktore edo umoregileak aurretik ezagutzen zarete. Zer nabarmenduko zenuke beste bietatik?
Lehenengo gauza da hirurak oso ondo eramaten garela, eta dagoeneko hamar urte badaramatzagu telebistarako gauza asko idazten. Nagore makina bat da eta Egoitz beste bat. Ni oso seguru sentitzen naiz beraien ondoan gauzak egiten. Lanetik kanpo ere oso ondo ematen gara. Ikuspuntu oso pertsonala du bakoitzak, eta hiruron artean oso ondo osatzen gara. Nagorek bere puntu femeninoa du, Egoitzek gizonarena, eta nik satelite batena, eta oso ondo osatzen gara elkarrekin.

Proiektu honetaz aparte, zertan zabiltza egun?
Airean telebista saioan gidoigile ari naiz. Tarteka nire zatia ere badut, eta oso gustura talde berriarekin. Lehenengo aldia da komedia ez den saio batean ari naizela, eta oso gustura nabil. Ea denbora asko irauten duen. Beste bi proiektu baditut produkzio fasean, baina oraindik ez dut ezer argi eta pixkana aurrera ateratzen joango naiz. Oraingoz, egun ditudan bi gauza horiekin ondo; denbora ere ez dugu gehiegi izaten eta ondo osatzen dira.

Eta nola egiten duzu lan batetik bestera pasatzeko?
Jendeak pentsatuko du egun osoan katxondeoan nabilela, baina ni nahiko serioa naiz eta kabreo asko harrapatzen ditut… Oso ondo osatzen dira bi lanak.

Bada euskal umorerik?
Ez naiz teorizatzen hasiko, baina zerbait esateko, nik uste dut umorean mekanismo berdinak funtzionatzen dutela, baina bakoitzaren herriko berezitasunekin. Mekanismoak berdinak izaten dira, baina ni hasten banaiz euskal tabernei buruz hitz egiten, Frantziako bati ez dio graziarik egingo ez dituelako ezagutzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!