Aljibea biziberritzeko asmoz

Maier Ugartemendia 2014ko ots. 20a, 09:58
Subijana ehun enpresaren ur depositu biziberritua da aljibea
Subijana ehun fabrikak bazuen ur depositu bat. Berrehun metro koadro dituen XIX. mendeko altxor bat da Villabonako aljibea. Oria ibaiaren parean dagoena, lur azpian eta barrutik itxura berezia du; adobez betetako arkupez osatua baitago.

Urbanizazio obrak hasi zirenean, topatu zuten leku berezi hau, eta Joxean Cubero Kultura saileko arduradunak azaldu bezala «udalak depositu hori urbanizazioan nolabait integratu beharra» ikusi zuen. 2009an hasi ziren lanak, eta 2010ko uztailean Villabona irudikatzen erakusketarekin zabaldu zen lehen aldiz. Izan ere, eman zitzaion lehen erabilera batez ere erakusketei begirakoa zen. Hala ere, denborarekin ikusi dute lekuak dauzkan «hezetaun baldintzak» direla eta, beste erabilera bat aurkitzeko beharra duela; zeren «arte lanak hezetasunarekin izorratu egiten dira» Cuberok azaldu bezala.

Gauzak honela, Amasa-Villabonako Udaleko Kultura Sailean aspalditik ikusten zen leku berezi honekin zerbait egiteko beharra. Eta egoera aztertzean batez ere bi beharren aurrean aurkitu ziren. Batetik, «lokalari erabilpen gutxi ematen zitzaionez, erabilpen berri bat bilatzeko beharra». Eta bestetik, «formato txikiko emanaldi informaletarako leku baten beharra» zuten. Izan ere, Villabonan antzokia badute, eta egun Mintzolako aretoa ere erabiltzen dute, baina, «beti ere erabilpen formalagoetarako» zehazten du Cuberok.

Bestalde, zenbait herritan «taberna handiak daude eta kultur programa nahiko zabalak» eskaintzen dituzte. Baina, Villabonan horretarako ere ez dago aukera «gehiegi».

Hori dela eta, aljibean aurkitu zuten infrabaloratua zegoen eremua biziberritu eta faltan botatzen zituzten kontzertu edo emanaldi txiki eta merkeei bide emateko aukera. Honela, bi beharrei irtenbidea emateko aukera izan zuten.

Ekimen eta elkarteak bultzatuz

Aipatu bezala, aljibea biziberritzeko asmoz formatu txikiko emanaldiak burutzen hasiko dira. Eta ekimen hauek antolatzeko herriko elkarte edo ekimen batekin elkarlanean ariko dira.

Hasiera batean, udalak egingo dio ekimen programatu baten proposamena eragileari, eta adostasunera helduta, eragileari egokituko zaio «logistika» kontuez arduratzea: barra lortzea, edarien eskaerak egitea, barra kudeatzea, sarrera kobratzea, kartelak jartzea, garbiketa egitea, etab.

Ardura gehienak emanaldiak irauten duen bitartean jarri ahal izango duten taberna edo barrari dagozkionak dira. Izan ere, hiru ordu inguru iraun dezaketen emanaldiak antolatuko dira aljibean, eta giro informalago horretan «barra egoteak beste aukera bat ematen du».

Hortaz, elkarte eta ekimen hauek udalarekin elkarlan bat egin beharko dute; baina, ekimenei dagokienez aipatu behar da bereziki musika bultzatuko dutela.

Eskaintza zabala da; hau da, herritar guztiei irekia, baina, interesa duen orok ere izango du bere txokoa. Eta horregatik, Cuberok jendea «animatu» nahi du bertara joatera, «bost euroko sarreraren truke horrelako kalitatezko eskaintza eskuratzea eta artistak ikustea» ez delako «erraza». Gonbitea luzatu die, beraz, interesa duen orori.

Gure Esku Dago ekimena

Lehen Aljibe Gaua antolatzeko Gure Esku Dago dinamikarekin jarri dira kontaktuan kultura saileko arduradunak. Horretarako, Uxoa Elustondo billabonatarrarekin jarri ziren kontaktuan eta berari egin zioten eskaintza. Elustondori eta gainerako kideei «primerakoa» iruditu zitzaien proposamena. Ekimenarentzat ere garrantzistua da ekimen hau antolatu ahal izatea. Honela, batetik, euren ekimena «ezagutarazteko» aukera izango dutelako. Eta bestetik, diru iturri bat ere izango delako eurentzat.

Formatu txikiko emanaldi hauek eragile ezberdinekin antolatzea, berriz, positiboki baloratzen dute. Elustondoren hitzetan udalak «onura propioa bilatu beharrean, herriari programa kultural bat eskaintzen dio eta aldi berean, herriko eragileei lagundu egiten die». Azken finean, honek herriko eragileekin «dinamika bat» bultzatzea eragiten duelarik.

Aipatu bezala, Gure Esku Dagok emanaldi hau antolatzean helburu bi bilatzen ditu, baina, nagusiki «erabakitze eskubidearen alde antolatu den herri dinamikaren berri» ematea da. Eta Aljibe Gaua bera aprobetxatuko dute ekainaren 8an, Durangotik Iruñeara egingo duten giza katearen berri emateko eta bertan parte hartu ahal izateko izena emateko aukera eskainiko dute; eskualdetik soilik mila eta berrehun pertsona beharko dira gutxienez. Gainera, kamisetak eta Gazta Zati bat dokumentala, zapia eta CD-a ere salgai izango dira. Elustondok azpimarratzen du dinamika hau oso «anitza» dela eta guztion esku dagoela «oinarrizko erabakitze eskubide demokratikoaren aldarrikapena» egitea, guztiok «biltzen» gaituen eskubidea baita. Gainera, bere ustean «jendeak ilusio puntu bat behar du eta Gure Esku Dago jendea eroso sentitzeko eta motibatzeko baliatu» daiteke. Aurrera begirako pausuei dagokionez, eskualdean martxoaren amaierarako Eskuak osatuz dinamika martxan jartzen ari dira. Aste horretan ekimen mota ezberdinak izango dira hainbat herritan.

 

 
 

Jon Plazaola, bakarrizketalaria

"Pozgarria da jendeak formatu hauen aldeko apustua egitea"




Villabonako Udaleko Kultura Sailak aljibea berpiztu eta eragile eta elkarteekin emanaldiak antolatzen hasteko asmoa du, azaldu bezala. Ostiralean, hilaren 21ean bertan ospatuko dute lehen Aljibe Gaua, Gure Esku Dago ekimenarekin elkarlanean. Jon Plazaolak (Urretxu, 1982) bakarrizketa bat, eta Petti musikariak bakarkako emanaldia eskainiko dute. Dena 22:30ean hasita, eta bost euroren truke.

TOLOSALDEKO ATARIA-k bakarrizketalari urretxuarrarekin hitz egiteko aukera izan du, eta ikusleak ostiralean topatuko duenaz eta umoreaz orohar hitz egin digu.

Zer topatuko du bihar aljibera joaten den ikusleak?
Antolatuta daukatena ikusita bikote ezohikoa baino polita aurkituko dute. Niretzat plazer handia da hainbeste gustatzen zaidan Pettirekin eszenatokia elkarbanatzea. Petti Euskal Herriko ezkenatokitan hain ezaguna denez, pentsatzen dut bera ikustera doan jendeak ondo dakiela zer topatuko duen. Niri dagokidanez, azken urteetan hain modan jarri diren umorezko bakarrizketa bat aurkituko dute, nire ukituarekin. Hara joaten denak ondo pasatzeko bi ordutxo izango ditu.

Ez dakit lekua ezagutzen duzun, baina, umorea egiteko nahiko leku berezia da aljibea. Arkupez beteta dago.
Arkupeak baldin badaude oihartzuna ere egongo da. Behin entzunda txistea ulertzen ez duenak, oihartzuna entzun dezala, eta bigarrengoan ulertuko du. Agian, umorea jorratzeko beste modu bat asmatuko dugu.

Hortaz, umorez jositako saioa izango da, ezta?
Horixe da! Gure partetik behintzat bai. Gu jendeari barre eragitetik bizi gara, eta horretan saiatuko gara behintzat.

Gai bereziren bat landuko al duzu?
Asmoa denetarik ukitzea da. Beti ere aktualitateari bere lekua emanez. Eta bestalde, horrelako emanaldietan ohikoa den bezala, jende guztiak bizitzen dituen egoerak lantzen saiatuko naiz, hori delako umore mota honen giltza; jendea identifikatua sentitzean, jendeak errazago enpatizatzen du eta barre ere errazago egiten duela dirudi.

Interesgarria al da Villabonan aljibearekin egin duten moduan, formato txikiko ekitaldiak bultzatzea?
Egia esan oso interesgarria da. Badakigu bizitzen ari garen egoera orokorra ez dela ona eta ezta gauzak antolatzea ere. Hortaz, gauzak zailak diren garaietan honelako formatoen aldeko apustua egiten duen jendea egotea eskertzekoa da. Garai txarrak direnean jendeak gehienbat seguruak diren gauzak kontratazera jotzen du, baina, hor bagaude bestelako gauzak egiten ditugun jende asko, eta gu bezalako jendeari honelako aukerak ematea beti ere pozgarria da. Bide oso polita dago hor.

Euskaldunok ba al dugu norberak bere buruari barre egiteko ohitura?
Nik uste dut baietz; nahiz eta, jende askoren buruan dagoen zuk planteatzen duzun zalantza. Nik uste dut gaur egun barre egin genezakeela ia edozein gauzataz. Muga errespetuak markatzen du. Kasu honetan, gainera, euskaldunok gara euskaldunontzat umorea egiten ari garenak eta nik uste dut hor asmatzea erraza dela. Bestalde, jendea bakarrizketalariaren larruan jartzen da, edo alderantzizkoa ere gertatzen da, eta azkenean jendeak askotan ikusten du bere burua erreflejatua. Honetaz gain, barre egiteko gogoa dagoela nabari da, baita gure buruarengan ere. Gainera, esaten dute norberak bere buruarengan barre egiteko gaitasuna adimenaren erakusle dela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!