Batetik, Kontzebituaren eta emakume haurdunaren eskubideen babeserako legearen aurreproiektua gaitzetsi dute, bertan behera uzteko eskatuz; Eusko Jaurlaritzara, Espainiako Gobernura eta Justizia Ministroarengana helaraziko dute mozioa.
Bide horretan, emakumeen autonomiarenganako eta ugalketaren autonomiaren eskubideenganako konpromisoa azaldu dute udal gisa: «Haurdunaldia eteteko erabakiak emakumeen borondatea izan behar du ardatz». Horrela, lege egitasmoak emakumeak gutxiesten dituela diote, eta «hamar urteko atzerapena besterik ez luke ekarriko», beren arabera.
Adierazpen bateratu horrekin, gainera, udala, haurdunaldia borondatez etetea osasun sistema publikoan egitearen alde azaldu da, «zentro publikoetan eskubide hori gauzatu ahal izateko beharrezkoa diren talde profesionalak daudela bermatuz».
Azkenik, erantzun bateratu baten beharra ere azpimarratu du Amasa-Villabonako Udalak; emakumeen mugimenduei nahiz mugimendu feministei dei egitearekin batera, herritarrei ere dei egin diete, emakumearen autonomiaren aldeko mobilizazioetan parte hartzera.