Parte hartze ordenantza idazteko prest

Ataria 2014ko urtarrilaren 24a

Atzo aurkeztu ziren parte hartze ordenantza idatziko duten taldeak Amasa-Villabonan. Datorren asteartean hasiko dira bilerak eta proiektua herritarrei ere irekia dagoela gogorarazi zuten egindako agerraldian.

Parte hartzea arautzeko bidean beste pauso bat eman dute Amasa-Villabonan. Herritarren hitza indartzeko asmoarekin, aurreko urteko azaroaren 4ean eman zuen lehenengo pausoa Udal Gobernuak eta atzo izan zen partaidetza arautuko duen ordenantza idatziko duten lantaldeko kideen aurkezpena Gurea zine aretoan.

Galder Azkue alkateak hartu zuen hitza lehenik agerrraldian, Amasa-Villabonan herritarren hitzak botere gehiago behar duela iritziz. "Proiektu hau herritarren hitzaren bermea izango da" baieztatu zuen Azkuek. Fleming ikastetxeko zuzendariak hitz egin zuen eragile guztien izenean. Sekula hain modu anitzean elkartzea ez zutela lortu argudiatuz, "bilera hauetan Amasa-Villabonari bere etorkizuna eraikitzeko baliagarri izango zaion proiektu bat gauzatzea" jarri zuten helburutzat parte hartze proiektuko partaideek.

Ordenantza idazteko bileretan hainbat alderdi, eragile eta elkartek hartuko dute parte baina herritarren parte hartzea ere bermatu nahi dute bilera hauetan. Horretarako, norbanakoek ere izena eman dezakete bilera hauetarako komunikazioa@villabona.net helbidera idatziz. Ordenantza idazteko lehenengo bilera urtarrilaren 28an, asteartean, izango da 19:00etan Subijana Etxean. Hurrengo bilerak ere ordu eta toki berean izango dira otsailaren 11ean eta 25ean.

Bilera hauetan parte hartuko duten alderdi, eragile eta elkarteak hauek dira: EH Bildu, EAJ, PSE-EE, Oinkari Dantza Taldea, Aritza Kultur Elkartea, Amasako Martina Kultur Elkartea, Harituz Bertsozaleen Elkargunea, Onddo Gazte Asanblada, Remi Gogoan Ekimean, Euskal Herrian Euskaraz, Bai Euskal Herriari, Jesusen Bihotza Parrokia, Uxo-Toki elkartea, Irrintzi elkartea, Behar Zana elkartea, Iratzar elkartea, Behar Zana Pilota Eskola, Billabona FKE, Aizkardi Mendi Elkartea, Arratzain Irristaketa Taldea, Izorra Hadi dultzainero taldea, Erniobeako guraso elkartea, Fleming ikastetxea, Etxerat eta Gure Esku Dago herri ekimena. EMUNeko Denis Elortza izango da bileretako aholkularia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!