Hamar bezero, benetan pozik

Ataria 2014ko urtarrilaren 21a

Monika Roteta eta Julia Salaberria saltzaileak, zenbaki sariduna erakutsiz. I.G.L.
Villabonako loteria administrazioak 30.000 euroko hamar sari banatu ditu osteguneko loteriarekin

Villabonako loteria administrazioak 300.000 euro banatu zituen pasa den ostegunean. Hiru euroren truke erosi ahal da osteguneko loteriaren txartela, eta pasa den astean, 73.099 zenbakia izan zen sariduna. Monika Roteta loteria saltzaileak azaldu duenez, «hiru euroko loteria txartel bakoitzak 30.000 euro eman dizkio erosi duenari. Serie bat saldu dugu, hau da, 10 txartel».
Txartelak banaka daudela salduak adierazi du Rotetak, eta asteroko bezeroen artean salduak izan direla argitu du. «Gustura gaude saridunak herritarrak direlako. Herriko jendea da eta ezagunak dira. Astero bueltaka dabiltzan bezeroak dira», esan du, eta gaineratu: «Guretzat ere poz handia da sariak banatzea».
Zortedun izan direnetako batzuk jakin gabe azaldu direla bertara kontatu du, eta ezusteko handia hartu dutela sarituak direla jakin dutenean esan du Rotetak. Ostegun honetako loteriarako ohikoa baino azkarrago ari dira saltzen eta atzo ia agortuta zituzten txartelak.
Beste sari garrantzitsu gehiago banatu dituzte loteria administrazio horretatik. 1998. urtean eman zuten Gabonetako Sari Nagusia. Hogeita bat mila milioi pezeta banatu zituzten orduan. 2011. urtean, osteguneko loteriarekin baita ere, bi sari banatu zituzten: bata urtarrilean eta bestea uztailean. Bonolotoan, 2011an ere, ia bi milioi euro banatu zituzten, eta Primitivarekin, 2000 urtean, 437.000 euro.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!