Bilduren eta EAJren botoekin onartu da 2014ko udal aurrekontua

Bilduko eta EAJko zinegotziek aurrekontu proposamenaren alde bozkatu dute. I.G.L.
Urteko lehen osoko bilkuran egin dute 2014ko aurrekontuen onarpena Amasa-Villabonan. Bilkuran zeuden Bilduko sei zinegotzik eta EAJko bi zinegotzik alde bozkatu dute, eta PSE-EEko zinegotziak aurka. Ia sei milioiko aurrekontua izango du udalak, beraz, aurtengorako.

Aurrekontuaren puntua eztabaidatzerakoan, Maria Luisa Arija PSE-EEko zinegotziak aurkako bozketaren bere arrazoiak azaldu zituen. Batetik, hondakinen kudeaketan "bilketaren atala" igo egin dela, eta, bestetik, "komunikaziorako jarrita dagoen dirua" ez duelako egoki ikusten. Galder Azkue alkateak (Bildu) erantzun zioenez, "udalak komunikazioan esfortzua egin behar du, herritarren inplikazioa handitzeko bidean".
Osoko bilkuran bi mozio eztabaidatu ziren. Lehenengoa Urnietako eta Irungo IATetako langile batzordeak aurkeztutakoa izan zen. Bertan, langileek bere lan baldintzak mantentzearen alde egiten ari diren borrokari babesa agertu eta Eusko Jaurlaritzari lan gatazkaren konponbidean laguntzeko eskaera egiten zaio. Osoko bilkurako aretoan hainbat langile izan ziren eta euren egoeraren berri eman zuten, besteak beste, enpresak lan gatazkan duen "jarrera itxia" salatuz. Aho batez onartu zen mozioa.
Beste mozioa Loatzo musika eskolak aurkeztutakoa izan zen, Euskal Herriko Musika Eskolen elkartearen izenean. Testuan, Eusko Jaurlaritzak musika eskolen finantzaketan 2,5 milioi euroko jaitsiera egin duela dio, eta egun ematen duen dirua aurrekontuaren %14a dela zehazten du. Hala, mozioaren bidez, Villabonako Udalbatzak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio "musika eskolentzat %33ko finantzaketa egonkorra lortzeko asmotan, Eusko Legebiltzarrak aho batez  2013ko otsailaren 28an onartutako transakzio-zuzenketa betetzea eta ekintza-plana ezartzea". Mozio hori ere aho batez onartu zen.
Beste puntu batean, Villabonako nerabeentzako udal zerbitzuaren emakidarako Maindi elkartea enpresarekin sinatu zen administrazio-kontratua urte betez luzatzea erabaki zuen udalbatzak.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!