Fiskalak Manex Castroren 44 urteko espetxe zigorra berresteko eskatu du

Ataria 2014ko urtarrilaren 15a

Berri agentziek zabaldu dutenez, Paloma Iglesias fiskalak Auzitegi Gorenean egin du eskaera. Entzutegi Nazionalak ezarri zion billabonatarrari 44 urtetako espetxe zigorra Inazio Uria enpresaria hiltzeagatik.

Paloma Iglesias fiskalak Auzitegi Gorenean Manex Castro preso billabonatarraren 44 urteko espetxe zigor eskaera berrestea eskatu du. Zigorra Entzutegi Nazionalak jarri zion 2008an Inazio Uria enpresaria hiltzea egotzia. Fiskalak Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) eskatutako gauza bera eskatu du gaurko bista publikoan.

Castroren abokatuak gaztea ETAko kide zela eta Uria hil zuen taldeak egindako beste ekintza batzuetan parte hartu izana onartu du. Abokatuak, hala ere, Uriaren hilketan parte hartu izana frogatzen duen probarik ez dagoela esan du eta proba bakarra taldeak erabilitako telefonoan gerora egindako beste ekintza batzuetan bere DNA aurkitu izana dela gogoratu du. "Ez zuen ekintza horren berri", esan du.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!