Proiektore digitala martxan dago Gurea aretoan

Imanol Garcia Landa 2014ko urt. 15a, 13:23
Joxi Alonso Hirutek enpresako kidea, Gurea aretoko proiektore berriarekin.
"Inbertsio garrantzitsua egin dugu Gurea aretoan", azaldu du Galder Azkue Amasa-Villabonako alkateak. "Garaiak aldatu dira, teknologiak aurrera egin du, eta kulturan aisialdi eskaintzan gure apustuari eutsiz, proiektore digitala jarri da". Egun, aro digitalean, zinema programazioari eutsi ahal izateko "ia derrigorrezko baldintza" proiektorea digitala izatea dela gaineratu du. Proiektore berriarekin kalitatean irabazi du Gurea aretoak, bai irudiaren bai soinuaren aldetik.

65.000 eurokoa izan da egindako inbertsioa, eta proiektore berria jartzea ez ezik, pantaila ere aldatu dute Gurea aretoan. "Kultur programazioan inbertitzen jarraitzeko konpromisoari eusten diogu eta, noski, herritarrei dei egin dugun altxor honi bere balioa emateko", azaldu du Azkuek. "Programazioa oso aberatsa egin daiteke, oso zabala, baina gero herritarrek erantzutea beharrezkoa da. Espero dugu programazio hori zabaldu eta modernizatzeko aukera ematea inbertsio honek".
Nora Urbizu Kultura eta Euskara zinegotziak azaldu duenez, " proiektore digitala jartzea Gurea aretoa mantentzeko pauso handia da". Lehen ere norabide berean beste erabaki batzuk hartu dituztela gaineratu du: "Pelikulen programazioaren ardura hartu zuen bere gain udalak, hein batean kalitatezko programazioari eusteko, eta irizpide ekonomizista batzuetatik urruntze aldera". Ildo beretik, ekainen, Villabona.doc izeneko dokumentalen zikloa aurkeztu zutela ekarri du gogora, eta aurten ere jarraipena eman nahi diotela zehaztu du. "Helburua programazio zabala izatea da, eta proiektore digitalak aukera emango digu estreinaldiak ahalik eta azkarren Villabonan izateko, eta malgutasun gehiagorekin jokatzeko, formatu guztietako proiektuak ikusiko ditugulako bertan", zehaztu du Urbizuk.
Proiektore berriarekin 3D formatuko pelikulak ikusi ahalko dira hemendik aurrera. Saio horietan betaurrekoak emango dira, toallatxo batekin, aurretik betaurrekoak garbitzeko, eta gero itzuli egin behar dira. "Egia da emanaldiaren prezioa garestituko duela. Baina horren jakitun, aukera izango da ohiko formatuan, 2Dan, eskaintzeko filma bera", esan du Urbizuk.
Joxean Cubero Kultura teknikariak azaldu duenez, orokorrean emanaldi guztietan sarreraren prezioa igo egin da. "Inbertsio garrantzitsua egin da", zehaztu du, eta bonoak erosteko aukera dagoela nabarmendu du. Hala, ohiko helduentzako sarrera, lehen bost eurokoa zena, orain 5,5 eurokoa izango dira. 3,5 euro balio zuten sarrerak, hau da, haurren filmak, ikuslearen egunekoa eta erretirodunentzat, orain lau euro balio dituzte. Bestalde, 3Dko emanaldiak 6,5 eurotan izango dira. Esan bezala, bonoak erosteko aukera izango da: "Orain  10 filmeko bonoa izango da, eta 30 eurotan erosiko dira, beraz, sarrerak hiru euro balioko du bonoa eskuratuz gero", zehaztu du Kuberok. Pertsona batek baino gehiagok erabili dezake bono bera, eta hori pelikula bat ikusteko ere izan daiteke, sarrera bat baino gehiago jaso baitaiteke bono bakarrarekin. "Udalak  bonoarekin ikuslegoaren fideltasuna lortu nahi du", azaldu du Kuberok.

Pantaila ere berria
Proiektoreaz gain, pantaila ere berria da. "Aurrekoa atzealdean zegoen", esan du Kuberok, "eta oraingoa aurreraxeago kokatuta dago eta bilgarria da. 30 metro karratu ditu, eta eserlekuetatik askoz gertuago egoteak proiekzioak ikusgarriagoa izatea ekarriko du".
Pantaila bilgarriak beste abantaila batzuk dituela zehaztu du Kultura teknikariak: "Proiekzio baten ondoren musika emanaldi bat edo antzezlan bat badago, eszenografiaren zati bat ere atzean muntatu daiteke. Bestalde, hitzaldi edota batzar bat dagoenean, eta zerbait proiektatu nahi denean, oso erosoa da. Posible izango da eszenatokitik bertatik kontrolatzea pantailan ikusten dena".
Urbizu zinegotziak azaldu duenez, egun programazioa udalak erabakitzen du. "Lehen enpresarentzat izaten ziren leihatilako sarrerak. Dirua beretzat zenez, irizpide ekonomikoak gailentzen ziren", zehaztu du Kuberok. Orain beste enpresa batek kudeatzen du aretoan, Hirutek izenekoa, eta Kultura sailetik aukeratzen dira pelikulak, enpresa horrekin elkarlanean. "Irizpide nagusia kalitatea da, herri honek duen idiosinkrasia kontuan izanik", esan du Kuberok, eta gaineratu: "Dena hobetu daiteke, eta bide horretan udala laguntza jasotzeko prest dago, ikusleen eta herritarren iradokizunak kontuan hartuz. Hori egin daiteke aretoan bertan langileei azalduz, Kultura sailean edo posta elektronikoz".

Ekipamendu berriari ongietorria emateko, asteburu honetako emanaldiak, bai helduentzako eta baita haurrentzako ere, 3Dkoak izango dira, prezio berezian, hau da, saio bakoitza 3 euroren truke. Horrela, helduentzako Gravity filma emango dute hilaren 18an, 22:00etan, hilaren 19an, 19:30ean, eta hilaren 20ean, 21:00etan. Haurrentzako Caminano entre dinosaurios, hilaren 18an, 17:00etan, eta hilaren 19an, 17:00etan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!