2014an ere pertsonaleko inbertsioa handitu nahi du Amasa-Villabonako Udalak

Rebeka Calvo 2013ko abe. 30a, 12:11
Amasa-Villabonako Udala aurrekontuen inguruko azalpenak ematen aritu da azken asteetan herritarrei. Alde batetik, 2013ko udal aurrekontuen exekuzioaren berri eman nahi izan du eta bestetik, 2014. urtekoen aurrerapena ere azaldu du.

2014. urterako 5.900.000 bat euroko aurrekontua aurreikusi dute, iaz baino zertxobait gehiago hortaz. Eta kopuru horretatik perrtsonal gastuetara 2 milioi euro pasatxo bideratuko ditu, aurreko urteetako goranzko joerarekin jarraituz.

Kopuru nagusiko zatirik handiena, pasa den urtean bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako ekarpenetik dator: ia 3 milioi t'erdi euro. 2013an baino zerbait gehiago da.

Aurrekontuen beste zatirik garrantzitsuena zerga eta tasen diruari dagokiona da. 2014an ia 2 milioi euro eskuratzea aurreikusten du udalak, 2013an baino zerbait gehiago. Gainontzeko dirua ondare propioengandik, gainontzeko maileguetatik, eta beste diru laguntza batzuetatik datoz, baita, kopuru oso txiki batean, aktibo finantzarioetatik.

Horiek horrela Amasa-Villabonako Udalak mailegu berri bat hartzea erabaki du inbertsioak mantentzeko helburuz, eta Foru Aldundiaren ekarpena ikusita kontratazioetan esfortzu berezia egitea da bere asmoa.

Gastu orokorretara 2 milioi euro pasatxo bideratuko ditu, hau da, mantenu eta konponketak egiteko, argia eta horrelakoak ordaintzeko, bulegoko materialera bideratzeko, seguruak ordaintzeko eta abar.

Diru laguntzetan 600.000 bat euro utziko dituzte eta gastu finantzarioetara 500.000 bat euro; 400.000 euro inguru maileguak itzultzeko eta 25.000 bat euro interesak ordaintzeko. Kopurua jaitsi egin da 2013. urtearekiko.

Aipatu moduan inbertsioetan esfortzu berezia egin nahi du udalak eta horietan garrantzitsuena futbol zelaia berritzea izango da. Lanak esleitu dituzte jada, eta bai futbol federazioak eta baita Gipuzkoako Foru Aldundiak ere diruz lagunduko dute proiektua.

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!