Partaidetza bermatuko duen ordenantza prestatzeko bilera, urtarrilaren 28an

Ataria 2013ko abenduaren 19a

Galder Azkue alkatea, EAJko Ibon Ariznabarreta eta Nagore Puyadena, PSEko Maria Luisa Arija, EH Bilduko Nora Urbizu eta zutik EMUNeko Denis Elortza
Herritarrekin egingo dituzten bileren datak finkatu berri dituzte; urtarrilekoaz gain, otsailean beste bi egingo dituzte

Villabonako Udalak herritarren partaidetza bermatuko duen ordenantza sortzeko irekitako prozesu parte hartzaileak beste urrats bat eman du. Orain arte prozesua bideratuko duen aholkularitza enpresa aukeratu dute, EMUN hain justu, eta bide beretik, enpresako Denis Elortza aholkulariarekin lehen bilera ere egin dute.

Bilera horretan herritarrekin egingo dituzten bileren datak finkatu dituzte; urtarrilaren 28an, eta otsailaren 11n eta 25ean. Batzordearen lana bilera horiek prestatzea izango dela esan du udalak. Herritar bezala bileran parte hartzeko izena eman behar da eta hiru bileretara joatea eskatzen dute.

Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek, hau da, EH Bildu, EAJ eta PSEk, egin dute bat ekimen honekin eta ondorioz, batzordeko kide ere badira. Era berean, herritarrei parte hartzeko eskatu die udalak  "proiektu parte hartze honetatik jaioko den ordenantza ahalik eta pluralena izan dadin".

Galder Azkue alkatea Tolosaldeko Ataria irratian gai honen inguruan egindako adierazpenak:

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!